Onddoak

Boletus erythropus
Onddo hankagorria

Onddo hau oso arrunta da hostozabalen basoetan. Perretxikoa jangarria den arren, airearekin kontaktuan hartzen duen kolorea dela eta, urte askotan toxikotzat jo izan da. Txapela marroia da, hanka berriz horia, bikordura gorriekin. Poroek ere kolore gorri-horixka dute.

Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea
Boletus erythropus

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2012/02/03
Azken eguneraketa: 2012/02/03
Bisita-kopurua: 1597

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Boletales
Familia: Boletaceae
Deskribatzailea: Pers. (1796)
Sinonimoak
Tubiporus erythropus
Boletus luridus var. erythropus
Boletus luridus subsp. erythropus
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Hasieran txapela hemisferikoa da, baina ondoren, ganbil-zabaldu forma izatera pasatzen da. 10-20 cm-tako diametroa du pileoak eta mamitsua da. Kolore marroia du, isla gorrixka batzuekin. Txapelaren azala pubeszentea eta lehorra da.

Estipea

Hanka sendoa eta mamitsua da, 5-18 x 2-5 cm-koa. Ez du sarerik eta klabiformea da, batzuetan erabat zilindrikoa izan daiteke. Horia da baina bikor gorriak direla eta, puntu gorriz josia dagoela dirudi.

Mamia

Trinkoa da, amaieran biguna. Mamia hori bizi kolorekoa da baina ebakitzean urdindu egiten da. Hala ere, denbora baten ostean berriro jatorrizko kolorea hartzen du. Usain atsegina eta zapore gozoa du.


Mikromorfologia

Esporak

Jalkinean oliba-arreak dira, eta mikroskopiotik begiratzean horiak. Elipsoidalak dira eta 12-16 x 4,5-6 μm-ko tamaina dute.


Ekologia

Habitata

Oso arrunta da hostozabaletan -pagadietan eta hariztietan- eta koniferoen basoetan ere ager daiteke. Humus azidoa duten basoak nahiago ditu. 

Perretxiko-garaia

Udaberrian agertzen da eta udazkena bukatu arte irauten du.

Jateko balioa

Oso jangarri ona den arren, urtetan gutxietsi izan da; airearekin kontaktuan hartzen duen kolorea dela eta. Orokorrean ez dute intsektuen larbek  erasotzen.

Antzeko espezieak
Boletus queletii

Espezie hau mardulagoa da, eta ez ditu B. erythropus espeziearen estipean agertzen diren bikordura gorrixka bereizgarriak.


Azken espezieak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...