Onddoak

Clitocybe nebularis
Ilarraka, pago ziza

Euskal Herrian, eta batez ere Gasteiz inguruan, asko jaten den perretxikoa izan arren, pertsona alergikoengan pozoindurak gertatu dira. Bestalde, erraz nahas daiteke Entoloma sinuatum perretxiko pozointsuarekin. Euskal Herrian, gertatzen diren pozoinduren %95 eragiten du. Gris ilun koloreko txapela du eta zuri grisaxka koloreko hanka mardula. Udazkenean eta neguaren hasieran topatu daiteke hostozabalen eta koniferoen basoetan.

Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea
Clitocybe nebularis

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2011/12/13
Azken eguneraketa: 2011/12/16
Bisita-kopurua: 1336

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Tricholomataceae
Deskribatzailea: (Batsch.: Fr.) Kummer (1871)
Sinonimoak
Agaricus nebularis
Lepista nebularis
Clitocybe alba
Gymnopus nebularis
Omphalia nebularis
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

6-20 cm-tako txapela du. Hasieran ganbila, ondoren laundua eta azkenik ahurra, baina ez inbutu formakoa. Gaztetan ertza biribikatua da. Kutikula leuna eta distiratsua da, eta txapeletik askagarria da. Beis ilun edo gris ilun kolorekoa da, eta normalean erdialdea apur bat ilunagoa izaten du.

Estipea

Hankaren oinarria lodiagoa da, mardula eta zuntzezkoa. Kolore zuri grisaxka du eta 12 x 4 cm inguruko tamaina izaten du.

Orriak

Orri dekurrente samarrak  ditu, nahiko estu lotuta daude eta zuri edo krema kolorekoak dira. Azkazalen bidez oso azkar askatzen dira.

Mamia

Mamia zuri edo krema kolorekoa da. Usain berezia du, Pleurotusek dutenaren antzekoa.


Mikromorfologia

Esporak

Esporak zuri, leun eta eliptikoak dira, ez amiloideak. 6 – 8 x 3 – 4,5 μm-ko tamaina izaten dute.


Ekologia

Habitata

Talde handiak osatzen dituzte normalean, eta hostozabalen eta koniferoen basoetan ateratzen da. 

Perretxiko-garaia

Udazkenean eta neguaren hasieran sortzen du perretxikoa onddo honek.

Jateko balioa

Perretxikoa jangarria den arren arazo handiak sor ditzake, horregatik,  jateko orduan oso ondo frijitua jatea komeni da, inoiz ez labean eginda. Volvaria loveianaz zoldua ager daiteke. Kasu hauetan perretxikoa guztiz itxuragabetzen da eta janez gero, ondoeza sortzen du. Orokorrean, intsektuen larbek asko erasotzen duten perretxikoa da.

Antzeko espezieak
Entoloma sinuatum

Perretxiko hau pago zizatik bereizteko bi ezaugarri gako daude. Alde batetik, Entoloma sinuatumek hirin usain nabarmena du eta pago zizak berriz oso usain berezia, propioa. Bestetik, pago zizak orri adnatuak eta elkarrengandik oso gertu kokatutako orriak dituen bitartean, Entoloma sinuatumek orri eskotatuak eta elkarrengandik banatuagoak ditu. Gainera, hasieran horixkak dira eta gero arrosak.

 

Maltzurra ( Entoloma sinuatum )

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...