Onddoak

Coprinopsis picacea
Urbeltz zuribeltza

Coprinus eta antzeko perretxikoen artean eite sendoenetarikoa duen espeziea da. Lehenago Coprinus picaceus moduan ezagutzen zen. Erraz bereizten da pileoaren egitura bereizgarria dela eta. Hostozabalen basoetan aurki daiteke, eta udan eta udazkenean sortzen ditu perretxikoak.

Argazkia: Antton Alberdi
Coprinopsis picacea

Artikuluari buruz
Egilea: erabiltzailea
Sorrera: 2011/12/04
Azken eguneraketa: 2023/02/04
Bisita-kopurua: 1467

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Psathyrellaceae
Deskribatzailea: (Bull.) Gray (1821)
Sinonimoak
Agaricus picaceus
Coprinus picaceus
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Baliogabea
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

4 eta 8 cm arteko diametroko pileoa izan ohi du. Hasieran forma oboidea izaten duen arren, heldu ahala, azpialdeko ertza zabaldu eta goranzko bidea hartzen du. Kutikula marroia izan ohi da, ildaskatua. Perretxikoa heldu gabe dagoenean errezel zuriak guztiz inguratzen duen arren, denborarekin errezela pitzatu egiten da. Ondorioz, hondo marroiak eta errezelaren hondar zuriek kontraste handiako egitura sortzen dute, espeziea identifikatzea erraztuz.

Estipea

Estipe luzeko perretxikoa eratzen du espezie honek. 9 eta 20 cm bitarteko altuera lor dezake, eta zabalera 0,6 eta 1,5 cm bitartekoa izan ohi da. Zilindrikoa da eta barrua hutsa izaten du. Azpialdea erraboil-itxurakoa du. Hasieran ezkatak nabaritzen dira estipe zurian, baina denborarekin lautu eta distira irabazten du.

Orriak

Himenoforoa orriduna da, eta horiek askeak izan ohi dira. Hasieran kolore zuria izaten dute, eta perretxikoa heldu ahala, gris-arrosa kolorea hartzen dute. Ondoren belztu egiten dira eta delikueszente bihurtu.

Mamia

Zuria, mehea eta hauskorra da. Betun-usaina du eta zapore oso gutxi.


Mikromorfologia

Esporak

Beltz-moreak eta elipsoide-formakoak dira. 14-18 μm zabal eta 10-11,5 μm luze izan ohi dira.


Ekologia

Habitata

Hostozabalen basoetan agertu ohi da, batez ere pagadietan eta lurzoru alkalinoetan.

Perretxiko-garaia

Lehenengo perretxikoak udaren amaieran agertu ohi dira, eta udazken guztian ikusi ahal izaten dira.

Jateko balioa

Ez du jateko inolako baliorik.

Antzeko espezieak
Coprinopsis kimurae

Perretxikoak helduak direnean erraz bereiz daitezkeen arren, garapenaren hasieran nahasgarri suerta daitezke. Dena den, Coprinus kimurae espezie exotikoa eta ezohikoa da, eta ez da hostozabalen basoetan hazten. Euskal Herrian espartzu hezearen gainean hazi ohi da.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...