Onddoak

Lactarius torminosus
Esnegorri faltsua

Izen arruntak dioen bezala, esngeorriarekin nahas daitekeen espeziea da; hau, ordea, toxikoa da. Urkien inguruan hazi ohi dira perretxikoak, Betula generoko zuhaitzekin mikorrizak eratzen baititu onddoak. Udaren amaieran eta udazkenean garatu ohi dira fruitu-gorputzak, eta, esan bezala, esnegorriaren (Lactarius deliciosus) antz handia izan ohi dute. Hala ere, erraza da zenbait jarraibide kontuan hartuta bi espezietako perretxikoak bereiztea.

Argazkia: http://mycoweb.narod.ru/
Lactarius torminosus

Artikuluari buruz
Egilea: Antton Alberdi
Sorrera: 2011/12/04
Azken eguneraketa: 2011/12/05
Bisita-kopurua: 1484

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Russulales
Familia: Russulaceae
Deskribatzailea: (Schaeff.) Gray (1821)
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Toxikoa
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

4-11 cm arteko diametrodun pileo esferikoa garatu ohi du, ganbila, eta erdialdean sakonuneduna. Kutikula ilaunduna da, ertzean iletsua, eta zonadun zentrokideak osatu ohi ditu maiz; hau da, zentrotik kanpora, hainbat eraztun nabaritzen dira. Adreilu-gorri kolorekoa izan ohi da gehienetan, baina kolore arrosakara ere izaten du maiz. Ertza inbolutua da.

Estipea

3-6 cm-ko altuera eta 1-2,5 cm-ko zabalera izan ohi ditu, eta forma zilindrikoa, oinarrian estuxeagoa. Garapenaren hasieran betea den arren, fruitu-gorputza heldu ahala, hustu egiten da. Orokorrean, pileoarena baino kolore argiagoa izan ohi du.

Orriak

Himenioforoa orriduna da, atxikiak edo dekurrenteak izan daitezkeenak. Normalean, meheak eta estutuak izan ohi dira, eta kolore zuria izaten dute, tonu arroxekin.

Mamia

Mami gogorra duten perretxikoak eratzen ditu, kolore zurikoa, tonu gorrixka edo horixkekin. Fruta (sagar) usaina du eta zapore gozoa. Ebakitzerakoan latex zuri mikatz apur bat jariatzen du.


Mikromorfologia

Esporak

Espora eliptikoak 8-10 μm zabal eta 6-7,5 μm luze izan ohi dira. Espora-jalkina krema-kolorekoa da.


Ekologia

Habitata

Betula generoko zuhaitzekin mikorrizatzen duen onddo-espeziea denez, urkien inguruan garatu ohi dira perretxikoak udaren amaieran eta udazkenean.

Perretxiko-garaia

Udazkenean garatzen ditu perretxikoak.

Jateko balioa

Toxikoa da, hesteetako nahasteak eragiten baititu.

Antzeko espezieak
Lactarius deliciosus

L. deliciosus pinudietan hazi ohi da, ez urkien inguruan, eta pileoa ez da ilaunduna. Bestalde, esnegorriaren oina eta orriak zuri-laranja kolorekoak dira, eta ez krema-kolorekoak, esnegorri faltsuaren kasuan moduan.

Esnegorria, pinutela, nizkaloa ( Lactarius deliciosus )

Lactarius sanguifluus

Esnegorriarekin gertatu bezala, habitat ezberdinetan bizi diren espezieak dira, L. sanguifluus pinadietan baizik ez baita agertzen. Ezaugarririk nabarmenena ilerik gabeko pileoa eta mamia ebakitzean hartzen duen kolore gorri iluna da. Horrez gain, esneardotsuaren orriak ardo-kolorekoak dira, krema-kolorekoak izan beharrean.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...