Onddoak

Lactarius deliciosus
Esnegorria, pinutela, nizkaloa

Neurri ertaineko perretxiko arrunta da, gero eta preziatuagoa Euskal Herriko perretxiko-biltzaileen artean. Garai batean ez zen jaten Euskal Herrian, baina mende hasieran katalanek ekarri ziguten ohitura hau. Lurzoru basikotako pinuditan hazi ohi da. Arazoak eman ditzake Lactarius torminosus espezie toxikoarekin nahasteagatik, baina hau urkiekin mikorrizatzen da eta morfologiagatik ere nahiko bereizgarria da.

Argazkia: Marco floriani
Lactarius deliciosus

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2011/12/01
Azken eguneraketa: 2013/12/26
Bisita-kopurua: 1937

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Russulales
Familia: Russulaceae
Deskribatzailea: (L.) Gray (1821)
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

6-15 cm-ko diametroko karpoforoa garatzen du. Garapenaren hasieran ganbila da, gero hedatua eta ertzean biribilkatua, eta erdian hondoratua. Zirkulu laranja zentrokideak ditu hondo laranja argiagoaren gainean.

Estipea

Laranjaxka, kolore ilunagoko zulotxoekin, zilindrikoa baina oinarrian apur bat estutua eta hutsa.

Orriak

Pileoaren kolorekoa; orri meheak, oso elkartuak, nahiko dekurrenteak, oinarrian estutuak eta sarri orban berdedunak.

Mamia

Gogorra eta trinkoa, zuri-horixka erdialdean eta azenario-kolorea hartzen du ertzera hurbildu ahala. Fruitu-usain atsegina, eta zaporea gozoa hasieran eta mingarra gero. Ebaki bat eginez gero azenario-koloreko latexa isurtzen du, airearekin kontaktuan jartzean kolore berdexka hartzen duena.


Mikromorfologia

Esporak

Espora zuriak edo apur bat krema-kolorekoak, biribilduak edo zertxobait eliptikoak, hialinoak eta amiloideak, 7-10 x 6-7µm. 


Ekologia

Habitata

Konifero-basoetan ateratzen da, batez ere lu eremu kalkareotan.


Habitat bereko espezie batzuk:
Pinudi-gibelubela
Russula sardonia
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Pinudi onddo bikorduna
Suillus granulatus
Quelet onddoa
Boletus queletii
Lanperna horia
Amanita citrina
Lakaria ubela
Laccaria amethystina
Ezko gorria
Hygrocybe conica
Ziza arrea
Tricholoma terreum


Perretxiko-garaia

Uda amaieratik negura bitartean fruktifikatzen da.

Jateko balioa

Jangarri ona da eta zenbait lekutan oso preziatua.

Antzeko espezieak
Lactarius sanguifluus

Odol-koloreko latex gorria du, Lactarius deliciosus-ek, aldiz, laranja. Oso jangarri ona da.


Lactarius semisanguifluus

Honek ere latex gorria du eta himenioak asko berdetzeko joera du. 


Lactarius salmonicolor

Latex laranja zurbila du eta perretxikoa kolore berekoa; mamiak ez du inoiz kolore berderik hartzen. Jangarria da.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...