Orribeltz berdexka, Panaeolus generoko perretxikorik arruntena da. Panaeolus generoko espezie guztiak perretxiko ez jangarrien taldean daude. Horietariko batzuk gainera pozointsuak dira; hala nola, P. sphinctrinus, non eragin haluzinagarriak dituen. Txapel grisaxkak pixkanaka kanpai forma hartzen du eta ertza apendikulatua da. Hanka mehea, zuzena eta erraboilduna da. Talde txikitan ateratzen da udaberritik udazken bukaera arte.
Txapelak 2-5 cm-ko diametroa du. Hasieran, oboide forma izaten du baina pixkanaka koniko eta kanpai forma hartzen joaten da. Kutikula, laua, distiratsua eta ez likatsua da. Oliba-gisaxka eta gris-beltzaxkaren arteko kolorea du. Ertza orrien aldera kurbatua dago eta gaineztatua da. Gainera, ertzetan hiruki formako errezel hondakin zuriak ditu.
Hanka, 4-12 x 0,2-0,5 cm-koa da, mehea, hutsa eta zuzena. Goialdean lausotua izan arren, behealdean erraboilduna da. Txapelaren kolore bera izaten du, nahiz eta goialdean tonu argiagoak hartu.
Orri adnatuak, zabalak eta barrunbedunak ditu. Orriek kolore gris-beltzaxka izaten dute.
Gris koloreko mami mehea du, usainik eta zaporerik gabea.
15-20 x 9-12 μm-ko espora marroi-beltzak ditu. Limoi forma dute eta leunak dira. Espora-jalkina beltza da.
Zelai eta larreetan, parkeetan, bide ertzetan eta animalien gorotzak dauden lekuetan ateratzen dira, talde txikian. Urola kostako bailaran espezie hau nahiko arrunta da.
Udaberrian eta udazkenean topa dezakegu perretxiko hau.
Pozointsua da, eragin haluzinagarriak ditu.