Onddoak

Psilocybe semilanceata
Sorgin zorrotza

Sorgin zorrotza -”mongi” izenaz ezagunagoa- oso onddo haluzinogenoa da, asko erabilia sustantzia psikotropiko moduan. Psilocybe haluzinogeno gehienak eskualde tropikaletan irteten dira, eta zenbait tribu indigenak beren zeremoniatan erabili izan ditu. Kontuz ibili behar da mendiko larreetako antzeko onddo txiki toxikoekin ez nahasteko.

Argazkia: Emile Vandecasteele
Psilocybe semilanceata

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2011/12/01
Azken eguneraketa: 2013/03/29
Bisita-kopurua: 1520

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Strophariaceae
Deskribatzailea: (Fr.) P. Kumm. (1871)
Sinonimoak
Agaricus semilanceatus
Panaeolus semilanceatus
Ekologia
Saprobio humikola
Jateko balioa
Toxikoa
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Kono-itxurakoa da, oso titi puntazorrotza du, eta, ertz tolesduna eta apur bat ildaskatua. Kutikula leuna du, askatu daiteken mintz lingirdatsu batekin estalia. Higrofanoa da; eguraldi lehorrean kolore hori argia hartzen du, eta, hezetasunarekin gris-arrexka bihurtzen da. Batzutan kolore urdin-berdexka izaten du ertzean.

Estipea

Argala eta luzea, leuna edo apur bat zuntzexkatsua. Txapelaren kolorekoa, batzutan, behealdean kolore urdin-berdexkarekin. Txapela barne 2 - 5 cm-ko altuera izaten du eta ez du eraztunik.

Orriak

Gris-oliba koloreko orriak marroi-morexka ilun bilakatzen dira heldutasunean, eta, arista zuri bat mantentzen dute. Espora jalkina arre-morexka da.

Mamia

Zapore mingotsa izaten du. Hasieran kolore zuria izaten badu ere, sekatzen doan heinean kolore horixka hartzen du, eta, geroago tonu purpurak, urdinak edo berdexkak; bere printzipio aktiboa den psilocibina oxidatzearen eraginez.


Mikromorfologia

Esporak

Eliptikoak, ertz bat moztuarekin eta 13 – 16 x 6,5 – 7,5 mikrakoak.


Ekologia

Habitata

Taldetan ateratzen da, bereziki 600 m-tik gorako larre heze eta nitrogenatuetan.

Perretxiko-garaia

Uda amaieratik udazken amaierara.

Jateko balioa

Oso haluzinogenoa da. Denbora eta espazioa hautemateko modua aldatu ditzake, eta, euforia eta delirioak eragin. Paranoia eta jazarpen-mania ere eragin ditzake 3 eta 6 orduko epean, gutxi gorabehera. Psilozibina da sintoma horiek eragiten dituen printzipio aktiboa.

Antzeko espezieak
Psilocybe crobula

Pileo arrea du, titirik gabea, eta zapaldua bilakatzen da; hasieran ezkatak izaten ditu eta ertzetan mantendu egiten dira batzutan. Estipean ezkata zuriak izaten ditu. Haluzinogenoa da eta ohikoa udazkenean belar eta adar arrastoen gainean.


Psilocybe montana

Arre iluna da heze dagoenean eta atal batzuk argitzen zaizkio lehortzean. Orriak apur bat dekurrenteak ditu. Larreetako goroldioaren gainean ateratzen da eta toxikoa da.


Panaeolina foenisecii

Sorgin zorrotzaren nahiko antzekoa da, baina ez du titirik pileoan eta tonu gorrixkak ditu. Orriak lodiak, banatuak eta sabeldunak dira.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...