Ez dut ondoko hitzekin abertzaletasunaren aldarria gutxietsi nahi. Ez. Are gutxiago: herri aske eta burujabe batek gure lurraren babeserako ezin testuinguru hoberik bermatuko lukeela uste dut. Baina borroka batzuei lehentasuna eman izanagatik beste batzuk ahanzturaren txoko ilunera baztertu ditugula iruditzen zait. Eta, horregatik, gure herriaren babesaren izenean egiten diren deialdi asko hankamotzak direla uste dut.
Zaila egiten zait aberrietan sinistea. Zaila gizakiok mapetan irudikatutako herrialdeen mugak antzematea. Mendi-kasko batera igo eta nire oinen azpian lurralde zabal bat hedatzen dela besterik ezin dut ikusi. Ez marrik. Ez mugarik. Ez herrialderik. Lurralde zabal bat baino ez. Horregatik ni Euskal Herriaz mintzo naizenean ez naiz soslai batean mugatzen den lur-zati batez ari. Niretzat mugarik gabeko lurralde bat da, zeinu kultural nabariak dituena, noski, baina ezin zedarritu dezaket non amaitzen diren euskal haranak, zein marrek mugatzen dituzten euskal mendikateak... natura gizakiok asmatutako langetatik haratago zabaltzen dela uste dut.
Gure gizarteak natura ahaztu duela iruditzen zait. Ez asteburuetan bueltatxo bat ematera joateko natura, baizik eta egunerokotasunean gure jardueren ondorioak nozitzen dituen natura. Gure kotxeen gasekin itotzen dena. Gure zaborrak irensten dituena. Gure harrobiekin zauritzen dena. Guk kutsatutako urak edaten dituena. Natura lehentasunen zerrendatik baztertu dugu, beste batzuk dira orain gure premiak. Natura ez da izango gobernuaren programa politikoaren ardatz. Ezta oposizioko alderdiaren eskaria ere. Ez da naturaren defentsan lan egiten dutenei diruz laguntzeko musika jaialdirik egingo. Naturaren izenean ez dira milaka pertsona kalera aterako.
Ez dakit egunen batean Euskal Herria nazio askea izatera iritsiko den. Azkenaldian badirudi herri gisa hori dela gure helburu nagusia: gure eskubideak errespetatuko diren nazio burujabea lortzea. Ados. Baina argi dudana da independentzia lortzen dugun egunean ere gure lurraren eskubideek urratuta jarraituko dutela. Eta ez dut egun horren zai egon nahi bestelako aldarrikapenei merezi duten garrantzia esleitzen hasteko.