Barkaidazue

Ardura zaitez! bloga | 2012/07/08 (azken aldaketa: 2012/07/08 ) | Egilea: | Bisitak: 1040
Gako hitzak: iruña, sanferminak, zezenketa

Barkaidazue
Entzierroetan zezenek estres izugarria pairatzen dute tradizio baten aitzakiapean.

Iruña. Uztailaren 7a, gaueko 4:30ak.

Barkaidazue. Barkaidazue ez naizelako lagun erosoa izan. Orain etxera bidean noala ere ezin diet ideia horiei ez-ikusiarena egin. Eta orain bidean bakarrik, neronekin hitz egiten noalarik konturatzen naiz horretaz. Saiatu naiz, zin dagizuet. Baina ezin dut beste alde batera begiratu. Ezta gaur bezalako egun batean ere. Edo, hobe esanda, are gutxiago gaur bezalako egun batean.

Parranda giroa aitzakia ederra izaten ohi da salaketa, aldarrikapen eta eskaera guztiak zokoratu eta une batez mundu perfektu batean bizi garela sinisteko. Edo mundu honen gabezia guztiak ahazteko. Eta ni ere horretan saiatzen naiz, benetan. Baina iristen da momentu bat, trago baten eta bestearen artean, begirada ondoko hormako kartelak iragartzen duen zezenketaren irudira joaten zaidala. Edo kale-kantoiko egurrezko hesira. Eta orduan begiak irekitzen zaizkit berriro ere (inoiz guztiz ixtea lortu ezin izan ditudanak). Eta damua sentitzen dut. Damua. Iruditzen zaidalako hemen parranda giroan gaudenotako bakoitzak zezenen sufrimenduaren aitzakiapean hezurmamitu den jai bati bultzadatxo bat ematen diogula.

Hasi naiz berriro. Barkaidazue. Oraintxe zezenak haien azken gaua igarotzen ari diren eskorta ondotik pasa naiz eta burura etorri zaizkit ideia horiek berriro ere. Horma-irudi makabroak iratzarriko ninduen ziurrenik. Barkaidazue. Lagun erosoaren ideia inguruko mozkor jendea ikusita bururatu zait. Eta zin dagizuet ni ere horretan saiatu naizela, jai hauen ardatz nagusia zein den ahazten. Baina ezin dut. Alde batetik atsekabe apur bat ere sentitzen dut. Ezin baitut sinistu hainbeste pertsona dagoenik sufrimendu horren aurrean zirkinik ere egin gabe geratzen denik. Ez dakit egokiena kanpotik etortzen den animalien aldeko talde batekiko elkartasuna adieraztea den (uztailaren 5ean PETAk egindakoarekin oroitu naiz). Agian ez. Baina argi daukat haiek gure sorgortasuna agerian utzi dutela.

Hasi naiz berriro ere. Barkaidazue.

Barkaidazue baina lagun deserosoa izaten jarraituko dut.

Barkaidazue
San Ferminak animalien heriotzan errotuta daude.




Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...