Etorkizuneko bisitariari zuzendutako gutuna

Ardura zaitez! bloga | 2013/04/27 (azken aldaketa: 2013/04/27 ) | Egilea: | Bisitak: 1190
Gako hitzak: Gernika, Harrobia, Zilbeti

Etorkizuneko bisitariari zuzendutako gutuna
Zilbeti herriaren ikuspegia Adi menditik

Zilbeti, 2050eko apirilaren 27a

Etorkizuneko bisitari agurgarria,

Hondoa jo dugu. Urtetako borroka luzeak zerbaitetarako balio izan duela esatea gustatuko litzaidake. Baina zaila egiten zait, ez dugulako gure helburua zena lortu: natura babestea; bailara bati benetako etorkizuna bermatzea; inguru honetan harrobirik ez egitea, alegia. Jendeak dio gizartea gure alde jarri dugula, eta hori gauza handia dela. Pozik egon beharko genukeela. Hori da gehien etsitzen nauena, ordea. Jendearen gainetik pasa direla. Hitz hauek orain dela 40 urte idatzi nituen. Orduan Zilbetiko mendi hauetan ez zegoen inolako harrobirik, mendi-magal guztiak basoz eta larrez beteta zeuden eta bertako biztanle gehienak basogintzatik, abeltzaintzatik eta haien landetxeetara joaten ziren turistei esker bizi ziren. Bizimodu horrek ez zuen herria aberasteko lain ematen, baina jendea pozik bizi zen. Orain, ikusten duzunez, harrobitzar bat dago garai batean pagoak altxatzen ziren lekuan.

Duela 40 urte MAGNA enpresak Eugiko Azkarate harrobia itxi zuen bertako magnesita agortu zuenean, eta materiala erauzten jarraitzeko leku bila ari zela Zilbetiko Antzeri pagadiraino iritsi zen. Lehenago Erdizen saiatu zen, bertako materiala hobea omen zelako, baina baztandarrak Saioa mendiaren magalak zulatzearen kontra agertu zitzaizkion indar handiz. Orduan, Baztanera joateko baimenak lortu bitartean, Zilbetira etorri zen. Hemen kontzejua alde aurkitu zuen, baina ez pentsa, bada, herri txiki honetako biztanle guztiak besoak antxumatuta geratu zirenik. Hala ere, aurre egiteko elkarte batean batuta egon gabe haien indarra oso apala izan zen eta, antolaketa eza hori baliatuta, kalte-ordainak hitzemanez Nafar Gobernua kontrako ahots bakanak isilarazten saiatu zen. Pentsa, diru publikoa egitasmo pribatu baten mesedetan. Alabaina, herritarrak ez ziren kikildu eta Aldude Mendia Koordinakundea sortu zuten harrobiaren aurka lan egiteko.

Orduan Nafar Gobernuak proiektua Udalaz Gaindikoa izendatu zuen harrobiaren kontrako jarrerak indarra hartuko zuela konturatu baitzen. Horrela, herriari bere inguruneari buruz erabakitzeko eskubidea ostu zion. Eta une hartan jakin ahal izan genuen lehenbiziko aldiz gainera zetorkigunaren izaria: 300 km karratuko harrobia, 40 urtez Adi mendiaren magala zulatuko zuena, 90.000 pago botako zituena. Baina ezintasunak ez zituen Zilbetiarrak isilarazi, haien lana jokoan baitzegoen, haien herria, haien bizitza.

Borrokatzeko moduak anitzak dira oso. Eta adibide argia da hemen egin zena. Helburua leku galdu hau ezagutaraztea zen, jendea honat etor zedila ingurune hau ikustera, usaintzera, ukitzera, entzutera. Mirestera. Horrela Gobernuaren eta enpresaren asmoen aurkako jarrera hedatuko zela uste zen. Eta hala izan zen. Mehatxatutako pagoak mihisetzat hartuz Gernika margolana margotu zuten, Omako basoa bailitzan. Gernika, sarraskitik altxatu zen herri baten adibidea, itxaropenaren eredu. Margolan bat hondeamakinen kontra, artea sarraskia gelditzeko. Eta jende andana inguratu zen herri honetara. Agian zu zeu ere, etorkizuneko bisitaria, horrela izan zenuen lehendabiziko aldiz paraje honen berri. 

Ez dakit gizartea gure alde jartzea lortu genuen edo ez. Azken finean, garai latzak ziren ordukoak eta jendeari lanpostuak ekarriko zituelakoan edozein proiektu egin zitekeela sinestarazten zitzaion. Edonola, emaitza muturren aurrean daukazu. Harrobitik iristen zen hautsagatik pixkanaka soroak galtzen joan ziren eta abeltzainek beste bailara batzuetara eraman zituzten haien abereak larratzera. Halaber, paisaia guztiz aldatu da eta hona ez da turistarik etortzen. Gero ingurune hau Natura 2000 saretik kanporatu zuten. Harrobiak Europak hemen babesten zituen habitatak txikitu eta espezieak mehatxatzen zituelako. Hemen zeuden pagadi azidofiloa, okil gibelnabarra, baso saguzarra, ugatza… lekutan geratu dira.

Etorkizuneko bisitaria, orain dela 40 urte harrobi honen alde egin zutenak orain zu zauden lekuan egotea gustatuko litzaidake. Ikus zezaten harrobi bat ez dela garapen iraunkorraren aldeko apustua. Horrela herriak suntsitu besterik egiten ez dela jabetu daitezen.

Agur bero bat.



Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...