Ingurumen Inpaktuaren Balioespena. Eraginkortasunik gabeko tresna

Ardura zaitez! bloga | 2013/10/16 (azken aldaketa: 2013/10/16 ) | Egilea: | Bisitak: 1745
Gako hitzak: ingurumen inpaktuaren balioespena, ingurumena, inpaktua

Ingurumen Inpaktuaren Balioespena. Eraginkortasunik gabeko tresna

Gutxitan izan da Ingurumen Inpaktuaren Balioespena ingurugiroari eragindako balizko kalteen kontrako tresna eraginkorra. Gehienetan aztergai den proiektu edo planaren funtsak baldintzatuta burutu dira inpaktu-azterlanak, eta gehienetan eragile edo enpresa ekonomiko handien aldekoak agertu dira. Ia ez zaie inoiz egitasmoei hauek atzera botatzeko nahikoa arrazoi aurkitu; kalteak gutxiesten dira eta, askotan, aurretiaz aintzat hartu gabeko eraginak agertzen dira gerora (edo aurreikusitako kalteak handiagoak suertatzen dira).

Norbaitek proiektu batek ingurugiroan kalteak eragin ditzakeela esaten badu laster agertuko da agintariren bat Ingurumen Inpaktuaren Balioespena positiboa duela esanez. Zanputza bezala haizatzen dira horrelakoetan. Jakin gabe balioespen horretan zer den aztertzen dena. Edo agian jakinda Ingurumen Inpaktuaren Balioespenak milaka zirrikitu gordetzen dituela nondik edo handik interes ekonomiko pribatuen aldeko epaia emateko. Agian horren jakitun dira eta izpi batean hika mika isilarazi nahian ibiltzen dira. Nola edo hala gerora kalte ekonomiko handiak eta ingurumenean ondorio latzak eragin dituzten proiektu asko aurrera atera dira. Ingurumen Inpaktuaren Balioespena positiboa zeukatela, bai, baina ingurumenean kalterik eragingo ez zutenik batere ziurtatu gabe.

Ez dakienarentzat, Ingurumen Inpaktuaren Balioespena ingurumenean eragina izan dezaketen proiektu eta planek gainditu beharreko azterketa bat da. Bertan, eragingo den kaltea balioesten saiatzen da proiektua edo plana bera martxan jarri baino lehen. Horretarako, aditu talde bati aurretik finkatutako baliabide zerrenda batetik eragina jasoko dutenak identifikatzea eskatzen zaio (fauna, landaredia, urak, biztanlegoa...). Eta gero baliabide horretan izango den eragina kuantifikatu egin behar da. Esan beharrik ez dago eragina negatiboa nahiz positiboa izan daitekeela. Eragina kuantifikatu ondoren egin beharreko eragiketa erraza da: balioak batu eta emaitza positiboa edo negatiboa den ikusi. Positiboa bada, proiektua aurrera doa. Negatiboa bada, aldiz, neurri zuzentzaile batzuk definitu eta proiektua aurrera doa.

Prozedura honek, esan bezala, arrakalak uzten ditu emaitzak nahi diren moduan manipulatzeko. Hasteko aditu taldea ez dago definituta, eta ez dago zertan objektibotasuna bermatu beharrik. Alegia, nire lagunei galdetuko diet aldez aurretik bai baitakit kalteak gutxietsiko dituztela eta, horrela, azken emaitza positiboa izango dela. Bihurritsua, baina posiblea. Bestalde, benetan zaila da kalteen tamaina aurreikustea. Horretarako formula bereziak badaude, baina haien fidagarritasuna ez da ehuneko ehunekoa. Ezta aplikatu behar dituzten teknikarien objektibotasuna ere. Halaber, proiektua negatiboa bada asmatzen diren neurri zuzentzaileak ere parregarriak dira. Parregariak ez asmatutako neurrien funtsagatik ez, baizik eta neurri horien eraginkortasuna ez delako gainbegiratzen. Adibidez, nik kamioien joan etorriak eragindako hautsa murrizteko bideak ureztatzea proposatuko dut. Baina gero zein etorriko da ureztatzen dudala bermatzera, edo ureztatuz hautsa harrotzen ez dela frogatzera? Baina larriagoa ere izan daiteke. Adibidez, Nafar Gobernuak Portland enpresari Altsasuko erraustegian 3 milioi euroko neurri zuzentzaileak ez eskatzea erabaki du ingurugiroan eragingo den onura ez datorrelako bat egin beharreko inbertsioarekin. Bihurritsua? Ez ez, egia borobila.

Eta orain arte errealitate honetan bizi izan gara. Agintariei proiektuak aurrera ateratzeko Ingurumen Inpaktuaren Balioespenak egiteko eskatuz. Haien intereseko azterlan bat erraz egin zezaketela jakin gabe. Eta horrela atera dira aurrera Tarragonako Castor Plataforma, edo Esako urtegiaren handitzea, edo Abiadura Handiko Trena, edo Zilbetiko harrobia. Azterlan bat egingo dela? egingo dugu ba, lasai, eta badakigu zein izango den emaitza.

Une honetan Nafar Gobernuko teknikari Jokin Larumberekin Zilbetiko harrobiari buruz izandako eztabaida etorri zait burura. Berak harrobiaren kontra egin zezakeen guztia egin zuela defendatzen zuen. Eta horregatik proiektuaren bideraezintasuna lortu nahian Ingurumen Inpaktuaren Balioespen bat baino gehiago aurkeztu zituztela. Aho bete hortz geratu nintzen. Baina, bat baino gehiago egin al daiteke? Eta ez al zen guztietan emaitza bera izan? Eta gero zein da aukeratzen dutena, gehien komeni zaiena?

Neurriak okerrera egin ezin zuela uste genuenean, ordea, Espainiako Gobernuak Ingurumen Inpaktuaren lege berria onartu du. Horren arabera orain Ingurumen Inpaktuaren Azterlanak 4 hilabetetan egin behar direla agintzen da (orain arte 3-4 urte behar izaten ziren azterlana egiteko). Horrela ezingo da azterketan sakondu eta, horrela, nekez aurreikusi ahal izango dira gerora eragin daitezkeen kalteetako asko. Halaber, lege berri honek azterketa sinplifikatzeko aukera ematen du proiektuen helburuen arabera. Hau da, eragin daitezkeen kalteei jaramonik ez egitea posible egiten du baldin eta proiektuak onurak badakartza. 

Bihurritsua? Ez, lotsagarria guztiz. 



Comments (1)

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...