Iruñerriko hiri-hondakinak. Errausketa al da irtenbidea?

Ardura zaitez! bloga | 2012/12/24 (azken aldaketa: 2012/12/24 ) | Egilea: | Bisitak: 1067
Gako hitzak: atez ate, Hondakinak

Iruñerriko hiri-hondakinak. Errausketa al da irtenbidea?

Iruñerriko hiri-hondakinen memoria atera berri du Iruñerriko mankomunitateak. Bertan 2011. urteko egoera jasotzen dute. Baina bildutako datuen anabasean galdu nahi ez duenarentzat egoeraren larritasuna ulertzeko hainbat zantzu aurkezten dut honakoan, hondakinen kudeaketa berri bat beharrezkoa dela eta horren nondik norakoak zeintzuk izan beharko lirateke ulertzea erraztu nahian (irudiak nik neuk egin ditut, Iruñerriko Mankomunitatearen memoriaren estiloan oinarrituta).

Iruñerriko Mankomunitatearen hondakinen kudeaketa-zerbitzuak 353.829 biztanle hartzen ditu, eta guztira 141.801 tona zabor jaso dira, aurreko urtean baino %4,32 gutxiago. Hondakinen osaketari dagokionez, hondakinen zatirik handiena materia organikoa (janari hondarrak batez ere) da (%41,4) eta hurrengoa papera eta kartoia (%17,9). Egungo kudeaketak hondakinok 4 taldetan sailkatzen ditu: papera/kartoia, ontziak (plastikoa, brikak, metalak…), beira eta gainontzekoa. Bada, hori aintzat hartuta, egungo ereduaren arabera Iruñerrian sortzen diren hondakinen %40a baino ez da berreskuragarria.

Hala ere, Iruñerriko Mankomunitateak argitaratutako datuen arabera teorian berreskuragarriak diren hondakinak eta praktikan berreskuratzen direnak ez datoz bat. Hau da, hondakinen banaketa ez da egin behar den bezala egiten eta, hori dela eta, teoriak agintzen duena baino txikiagoa da berreskuratzen diren hondakinen kantitatea. Zehazki, berreskuratzearen eraginkortasuna %60koa da. Beste modu batera esanda, Iruñerrian 5 biztanletik bik ez dituzte hondakinak behar bezala bereizten, biztnleriaren %40a.

Gauzak horrela, egun 102.695 tona hondakin joaten dira urtero Iruñerriko Mankomunitateak kudeatzen duen Gongorako zabortegira. Hau da, biztanle bakoitzak urtean batez beste 290 kg hondakin bidaltzen ditu bertara; sortzen diren hondakin guztien %72a. Datu benetan kaxkarra. Halaber, egoera are larriagoa da azken albisteen arabera egun hondakin gehienak jasotzen ari den zabortegi hau ixtear baitago (2020. urtean zen ixtekoa, nahiz eta orain urte batzuetarako luzatzeko asmoa agertu). 

Hortaz, 2020. urtea baino lehenago hondakinekin zer egin pentsatu beharko dugu. Orain arteko kudeaketa honek hondakinen gehiena zabortegira bidaltzen duela ikusi dugu, eta zabortegiak betetzen joan ahala berriak paratzeko lekuen bila ibiltzera behartzen gaitu. Oraingo honek 20 bat urteko erabilera izan du, baina baliteke biztanleriaren hazkuntzagatik zabortegiak azkarrago betetzea. Beraz, zer egin?

Nik uste dut gakoa egungo ereduak berreskuragarritzat kontsideratzen dituen hondakinetan dagoela. Horren arabera, materia organikoa, hondakinen %41a, ez da berreskuragarria. Bada, beste herrialde batzuetan materia organiko hori deskonposatu eta konpost bihurtzen ari dira. Orduan, Iruñerriko kudeaketan eredu hori aplikatuko balitz hondakinen %80a baino gehiago berreskuratu ahalko litzateke. Egun materia organikoa “gainontzekoak” zaborrontziaren barnean jasotzen dira Iruñerrian eta, zaborrontzi horren gehiena materia organikoa den arren %40a ezin da konpost prozesura bideratu. Beraz materia organikoa gainontzekoetatik bereizi beharra dago.

Nola, ordea? Materia organikoa erabiltzearen aldeko apustua egiten duen eredu bat “Atez ate” bezala ezagutzen dena da. Eredu honen arabera hondakin talde bakoitza egun eta ordu zehatz batean jasotzen da, eta horrela bereizketaren jarraipen bat egin daiteke. Modu honetan bereizketa eraginkorragoak lortzen dira, izan ere Atez ateko eredua aplikatu duten herrietan %80ko birziklapen tasak lortzen ari dira (gogoratu Iruñerrian tasa hori %28koa dela).

5. Zaborrontziaren ereduak, bestalde, zaborrontzi berri bat proposatzen du soilik materia organikoa jasotzeko. Baina arazoak ditu. Izan ere, zaborrontzi berri batek ez luke bermatuko zaborrontzi horretan soilik materia organikoa jasoko litzatekeela. Eta konpostagarria ez den hondakinik konpostatze prozesura iritsiko balitz kalteak larriak izango lirateke (pentsa bestela norbaitek litio edo merkuriodun pila bat bertara botaz gero, adibidez). Halaber,  aipatu dut oraindik ere biztanleriaren %40ak ez duela (ondo) birziklatzen. Beraz, 5 pertsonetatik bik ez lukete zaborrontzi hori erabiliko eta materia organikoa beste zaborrontziren batetara joaten jarraituko luke, eta zabortegiak betetzen jarraituko lirateke.

5. edukiontzia proposatu duten kudeatzaileetako askok orain Nafarroan entzuten hasi den eredua defendatzen dute: errausketa. Eredu honen arabera zabortegira doazen hondakinok labeetan erreko lirateke. Hau oso jarduera arriskutsua da hondakinak oso tenperatura altuetan erretzen baitira eta prozesu horretan airera dioxinak eta bestelako gai kutsatzaile ugari askatzen dira. Adi egon beharko gara, beraz, gaiak zein norabide hartzen duen jakiteko.



Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...