Egunean zehar ingurugiroa kaltetzen duten ekintza mordo baten erantzule gara: dela argiak denbora luzez piztuta uzten ditugula, dela lan egitera joateko egunero kotxea hartzen dugula, dela hondakinak demasa sortzen ditugula... uste dut inork ez duela hori zalantzan jartzen. Baina nire erronka jarrera horiek aldatzea bada, zein da modurik eraginkorrena?
Ingurugiroari eragindako kalteez ardura hartu behar dugula adierazi nahi dudanean egoera latza irudikatzen dut beti: natura kolokan dagoela, guk eragin dugula hori, gure eguneroko bizitza erabat iraultzen ez badugu hondamendia datorkigula... Orain arte horrela jendea gogoeta egitera bultzatzen nuela uste nuen, baina (gazteenei batez ere) kontrakoa eragiten ari ote naizen beldur naiz.
Ez dut ukatuko ekintza horietan parte hartzen dugula gure bizi-ereduak horretara eramaten gaituelako. Gure gizartea horrela dago eraikia, horrela bizi gara, eta horrek (baliteke konturatu gabe izatea ere, batzuetan) ingurugiroan eragin batzuk ditu: Elektrizitatea erregai fosiletatik edo zentral nuklearretatik lortzen dugu; kotxeak airea kutsatzen du eta, besteak beste, aldaketa klimatikoa eragiten duten gasak isurtzen ditu; hondakinak zabortegietan lixibiatuak eragin eta urak eta lurzoruak kutsatzen dira, edo erraustu eta dioxina minbizi-eragileak askatzen dira... Hau da gure gizartea.
Hala ere, noraino gara gutako bakoitza errudun gure norbanakotasunean? Bai, guk egiten ditugu ekintza horiek, baina zein mailatan alda dezake gutako norbanako bakoitzak bizi-eredu hau? Ez dut esan nahi errurik ez dugula, nahi duenak bestelako ekintzak egin baititzake benetan hala nahi badu, aukerak badaude. Baina nola lortu dezakegu guztion artean gizarte-eredua aldatzea?
Nik ez dut erantzun argirik. Honen inguruan askotan pentsatzen dut, baina ez dut sekula modurik eraginkorrena aurkitu. Izan ere, errealitate beltz baten diskurtso horrekin kontrako jarrera besterik ez dut jaso: "ba, total, nik bakarrik ezin badut ezer egin zertarako hartuko dut horrenbesteko lana gizarte honen bizi-ereduaren bestelako batean bizitzen?". Eta aurreko batean artikulu batean irakurri nuen orain arteko diskurtsoarekin gazteenek, eskolako haurrek... ez dutela iada kemenik egoera aldatzeko, bere burua ahalmenik gabe ikusten dutela eta etsita daudela ingurugiroaren babesari ekiteko.
Horregatik hemendik aurrera beste diskurtso batekin saiatuko naiz. Ez dizut esango egunero kotxea hartzean Lurraren klima hankaz gora jartzen ari zarela. Bizikletaz edo oinez joatean lasaiago zoazenez bidaiaz gozatu dezakezula erakutsiko dizut, merkeagoa dela eta ariketa fisikoa egiten duzunez zure osasunari on egingo diola esango dizut.
Ez dizut esango hondakinak bereizten ez badituzu erraustegiaren alde egiten ari zarela eta airera dioxinak askatuko dituen eredu bat bultzatzen duzula. Hondakinak bereiztea zeinen erraza den erakutsiko dizut, konpostari esker landareak hazten direla eta birziklatzean naturatik lehengai gutxiago erauziko dugula ikusiko duzu.
Ez dizut esango elektrizitatea neurririk gabe erabiltzean erregai fosilen erabilera eta zentral nuklearrak bultzatzen ari zarenik. Argia itzaltzean dirua aurrezten duzula erakutsiko dizut, eta eguzki-energia erabiltzean burujabe izatearen zirrara sentiaraziko dizut.
Eta, ni neu izango naiz nire bizi-eredua aldatzen lehena. Horrela zeinen erraza eta atsegina den erakutsiko dizut. Espero dut, horrela, ingurugiroa kaltetuko ez duen gizarte-eredu baten aldeko urrats indartsu bat ematea. Emango duzu zuk ere beste urrats txiki bat?