Ostirala, klaserik ez eta eguraldi ona. Egun aproposa gustoko ditugun, baina zertxobait urrun aurkitzen diren mendi inguruetara hurbiltzeko. Horrela ba, Aralarrerantz, mendi ibilbide polit eta interesgarria egiteko asmotan.
Mendiminez bloga | 2012/10/08 (azken aldaketa: 2012/10/08 ) | Egilea: | Bisitak: 951
Egindako ibilbidearen mapa eta profila
Amezketako San Martin auzoan kotxea utzi, eta Larrondoko kanpetara eramango gaituen GR-20 ibilbidea hartu dugu. Hurritzez eta haritzez osatutako basoan gora egin hala, pagoak, gorostiak eta elorriak ugarituz doaz. Kanpa hauetatik, Artubi mendirantz abiatu gara, Aralarreko larre hori-berdexkak zeharkatuz.
Artubirantz joan hala, Txindoki, eta urrunean Aizkorri ere, agertzen hasi zaizkigu.
Artubitik aurrera, gailurreria jarraituz, 5 tontor egin ditugu, azkena Irumugarrieta izan delarik, Aralarreko mendirik garaiena 1.430 metrorekin. Bidean Uakorri, Beoin eta Aldaon tontorrak zapaldu ditugu, paisaia edarrak ikusteko aukerarekin.
Irumugarrietatik, Igaratzako kanpetarantz jaitsi hala, forma karstiko apartak zeharkatzeko aukera izan dugu, lapiatz inguru eta dolina mordoxka bat ikusiz. Igaratzatik behera berriz, Arritzagako haranera bidean, erliebe formak aldatzen hasten direla ikus daiteke, duela urte mordoxka Aralarren kokatu zen glaziar sistemaren arrastoak agerikoak baitira.
Hala ere, glaziar ezkutu eta ezezagun honen inguruan gehiago jakiteko, urte amaierara arte itxaron beharko duzue.
Aralarren ipar-ekialderanzko zamalkaduraren tolesa agerian, S forma ikus daitekeelarik.
Beoinetik Pardarri eta Ganbo inguruetara begira dolina gune mordoxka ikus daitezke.
Lapiatz inguruan, rillenkarren formako ildaxkak ikus daitezke, uraren higadura lana agerian utziz.
U formako haranak eta bertan aurkitzen diren metakin motek erakusten digute Aralarren ere hotzaldiak eragin handia izan zuela.
Pardeluts iturriaren inguruetan, haran zabal eta laua ikus daiteke.
Buruntzingo meatzeetara iritsi hala, haran zabala estutzen doa, eremu glaziar batetik eremu flubiokarstiko batera igaroz, hau da, ibaiaren higalanak V itxurako harana eratu du.