Columbia glaziarraren eboluzioa azken 25 urteetan
Atzerapen-prozesu handienetarikoa jasaten ari den glaziarra da.

Mendiminez bloga | 2012/05/17 (azken aldaketa: 2012/05/17 ) | Egilea: | Bisitak: 1004
Gako hitzak: glaziologia

Columbia glaziarra 3.050 metrotara dagoen izotz-kapela batetik jaisten da itsas-mailara arte, Chugach mendietako isurialdeetan zehar, Prince William Sound izeneko fiordora arte, Alaska hego-ekialdean. Munduko glaziar aldakarronetarikoa da, ur-masa handiak izoztu edo urtuz.

Columbia glaziarraren eboluzioa azken 25 urteetan
1. Irudia: Columbia glaziarraren kokapen geografikoa


Columbia marea-glaziar (tidewater glacier) handia da, zuzenean itsasorantz higitzen delarik. 1794an lehenengo esploratzaile britainiarrek aurkitu zutenean, Heather uharteraino iristen zen glaziarra zen, Columbiako badiako bokaletik gertu. Glaziarra, 1980. urtera arte, kokapen berdinean egon zen baina ordutik atzeratze-prozesu azkarrean sartuta dago.

1986an, glaziarraren amaiera aipatutako irlaren ipar muturretik gertu aurkitzen zen (2. irudia). 2011an berriz (7. irudia), iparraldera atzeratu zen 20 kilometro inguru, Terentiev lakua eta Nunatak Handia (Great Nunatak) tontorra igaroz. Glaziarrak atzera egiteaz gain, asko mehetu da, arroka-ohe marroixkaren zabalera handiagoa baita. Zientzialarien ustez, 1980ko hamarkadaz geroztik, glaziarrak bere lodiera eta bolumenaren erdia galdu du gutxi gorabehera.

Glaziarraren muturretik hegoaldera, ur gainean mantentzen den izotz-geruza zatitua ikus daiteke, glaziarretik askatutako izotz-puskek osatua. Geruza berezi honi "mélange" izena ematen zaio. 3, 4, 6 eta 7. irudietan ongi ikus daiteke.

Atzeratze-prozesuak gainera, glaziarraren higitze modua aldatu du. 1986an 2 adar nagusi bereiz zitezkeen, bien artean erdialdeko morrena luzatzen zelarik. Izotz-masa handiak urtu hala, glaziarrak atzera egin, eta bi adarren arteko bateragunea bereiztu egin zen, erdialdeko morrena desagertuz.

Azkenik, morrenetaz hitz egitean, beste morrena mota nagusi bat bereiz daiteke irudietan. Alboko morrenak dira, glaziarra mugitu hala, higatutako metakinak alboetan metatzen dituztenak. Horrela, glaziarra kokatzen den haran nagusiak inguruko haran txikiagoak itxi egiten ditu, laku subglazialak sortuz. Horren adibidea da, 5. irudian ikus daitekeen Terentiev lakua, zeinetan glaziarraren morrenak ura estankatuta utzi duen.

Columbia glaziarraren eboluzioa azken 25 urteetan
2. Irudia: 1986ko satelite-irudia (Earth Observatory, NASA).


Columbia glaziarraren eboluzioa azken 25 urteetan
3. Irudia: 1995eko satelite-irudia (Earth Observatory, NASA).


Columbia glaziarraren eboluzioa azken 25 urteetan
4. Irudia: 2000ko satelite-irudia (Earth Observatory, NASA).


Columbia glaziarraren eboluzioa azken 25 urteetan
5. Irudia: 2005eko satelite-irudia (Earth Observatory, NASA).


Columbia glaziarraren eboluzioa azken 25 urteetan
6. Irudia: 2009ko satelite-irudia (Earth Observatory, NASA).


Columbia glaziarraren eboluzioa azken 25 urteetan
7. Irudia: 2011ko satelite-irudia (Earth Observatory, NASA).




Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...