Urte berri on guztioi!
Gaur, labur-labur, Lurraren Historia era ulerkor batean ezagutzera eman nahi dizuet.
Askok jakingo duzuen bezala, Lurraren sorrera duela 4.600 milioi urte eman zen, hau da, 4.600.000.000. Horrela ikusita ez digu ezer esaten, duela urte asko gertatutako gauzetaz ez baikara maiz gogoratzen. Hortaz, milioika urtetako historia luze eta motel hau urte bakarreko iraupenean laburtzen ahaleginduko naiz.
Eskala honetan, ezagutzen ditugun arrokarik zaharrenak martxoaren erdialdean sortutakoak dira. Izaki bizidunak, lehen aldiz, itsasoan agertu ziren maiatzean. Lurrazaleko landaretza eta animaliak azaroaren amaieran azaleratu ziren, eta abenduko lehen 4 egunetan zehar, gaur egun dauzkagun ikatz biltegi handiak eratu zituzten zingirak garatzen joan ziren.
Dinosaurioak abenduaren erdialdean izan ziren nagusi Lurrean, baina abenduaren 26an desagertu ziren, gutxi gorabehera Alpeen, Andeen edota Himalayako mendikate garaien lehen altxatzearekin batera (alpetar orogenia).
Giza itxurako izakien agerpena abenduaren 31ko arratsaldeko momenturen batean eman zen.
31ko gauerdirako minutu bat eta 15 segundu falta zirela, Lurrazaleko izotz-kapela nagusienak hasi ziren urtzen.
Erromatarren Inperioak 5 segundu iraun zuen, 11h 59’ 45’’-etatik 11h 59’ 50’’-etara.
Kolonek Amerika aurkitu zuen gauerdirako 3 segundu falta zirela, eta Geologia zientzia James Hutton-en idazkiekin jaio zen urte gogoangarri honen azken segundua zertxobait igarota.
Azkenik, Iñurrategi, Zabalza eta Vallejo, Hego Polora iritsi ziren urte berriko lehen mahatsa mingainarekin ikutu hala.