Kilimanjaro mendia Tanzania ipar-ekialdean dago, Keniako mugatik oso gertu. 5.892 metroko sumendi inaktibo hau bakandurik goratzen da inguruko sabanan zehar, 4.800-5.200 metro inguruko desnibelak aurkezten dituelarik. Hori dela eta, munduko mendi isolatu garaiena dela esan daiteke.
Mendia, itxura obalatua duen gune bolkanikoa da, eta ekuatoretik 340 kilometro hegoaldera dago. Meru mendia 75 km hego-mendebalderantz dago, eta Kenia mendia berriz -Afrikako bigarren gailur garaiena-, 300 km iparralderantz. Geologikoki, Kilimanjaro forma konikodun estrato-sumendia da, eta 3 tontorrek osatzen dute (kraterrak): Shira, mendebaldean, 3.962 metrorekin; Kibo, erdian, 5.892 metrorekin; eta Mawenzi, ekialdean, 5.149 metrorekin.
Shira izan zen agertzen lehena, duela 750.000 urte, ondoren Mawenzi azaleratu zen, eta azkenik, Kibo, 500.000 urte inguru soilik dituelarik. Shira kraterreko laba ez zen oso biskosoa, hortaz, eremuan dexente zabaldu zen, mazizoaren oinarria eratuz malda leunekin. Krater hau kolapsatzean, Shira itzali eta Mawenziren aktibitatea hasi zen, eta denbora gutxira Kibokoa, biskositate handiagoko laba ateraketekin. Horrela, multzoa altuera irabazten joan zen, gaur egun mendiak duen konfigurazioa hartuz, malda malkartsuenak goialdean daudelarik (%30-40 artekoak). Gainera, gainontzeko kraterrak itzali eta inguruak higatu egin ziren; Kibok, ordea, erupzio jarraiak izan zituen, mendiaren altuera 6.000 metroetaraino hurbilduz.
Bestalde, Kilimanjaro mendia gune ekuatorialean kokatuta egon arren, tontorreko aire idor eta hotzak 10.000 urte baino gehiagoan izotz kantitate handiak mantentzea eragin du. Gainera, noizbehinka, izotza krater osoa inguratzera iritsi da. Izotz-nukleo ereduen ikerketek erakusten dute Kilimanjaroko izotzak aldaketa klimatiko handiko garaietan, zein lehorte eta aldi beroetan ere mantendu direla.
Hala ere, duela mende bat baino gehiago abian jarritako ikerketen arabera, Kilimanjaroko izotzak laster desagertuko lirateke. 1912 eta 2011 urteen artean, tontorreko izotz-masa %85 murriztu zen. Gaur egun, ikerlarien esanetan, kontua ez da izotza desagertuko den edo ez, baizik eta desagerpen hau noiz gertatuko den. Estimazioak orotarikoak dira, baina zientzialari talde handi batek 2060. hamarkada baino lehen desagertuta egongo dela uste dute.
Berotze-globalaren kausaz emandako airearen tenperatura gorakadak ere izotz galeran eragiten duen arren, badira hain garrantzitsuak (edo gehiago) diren beste faktore batzuk. Eskualdeko giro are eta idorragoa esaterako, izotz-kapelak mantentzeko beharrezko duen elur berria gero eta urriagoa baita. Edota airearen lehortasun handiagoa, hodei-geruza murrizten ari baita, eguzki-energia gehiago sartuz lurrazalera eta izotz-eremua berotuz.
2012an gainera, Ipar izotz-kapelan 1970etik garatzen ari zen zuloa handitu, eta glaziarra erdibitu du, lehen aldiz izotz-kapela hau bitan zatituz (irudian new rift).