Aurkezpenean esaten dudan bezala, animali guztiak gustatzen zaizkit. Hala ere, azken urteotan, anfibio eta narrastien munduak erakartzen nau gehienbat. Horregatik, blogari hasiera emateko, Euskal Herriko anfibioak aurkeztea pentsatu dut.
Zuetako askok jakingo duzue gure inguruetan igelak, sapoak, arrabioak... bizi direla, baina agian ez duzue jakingo zehazki zenbat espezie ditugun, nola deitzen diren, nolakoak diren...
Euskal Herrian 18 anfibio espezie desberdin ditugu. Horietatik 3 ez ditut oraindik sekula ikusi, baina gainontzeko 15ak ikusita ditudanez eta baita argazkiak aterata ere, espezie bakoitzeko argazki bana erakutsiko dizuet.
Kontuan hartu behar da, askotan argazki bakar bat ez dela nahikoa izaten espezie bat egoki identifikatzeko, desberdintasun handiak eduki ditzazketelako 2 indibiduo desberdinek, adibidez espezie batzutako ar eta emeen kasuan. Beste kasu batzuetan ordea, espezie batzuk oso antzerakoak dira eta argazki baten bidez zaila izaten da bereiztea.
Jarraian daukazue bakoitzaren argazkia. Falta diren hirurak: baso-igel iberiarra (Rana iberica), hegoaldeko apo pintatua (Discoglossus jeanneae) eta apo ezproiduna (Pelobates cultripes).