Tamalez bukatzear dago aurtengo "narrasti sasoia" eta egia esan, inoiz baino probetxu gutxiago atera ahal izan diot denboraldi honi. Hala ere, gutxi bada ere, badaukat zuoi erakusteko zerbait.
Euskal Herriko iparraldea eta hegoaldea klima desberdinen eraginpean daudenez, trantsizio gunearen alde bakoitzera, landare komunitate desberdinak edukitzeaz gain, animalia espezieen banaketa bat ere aurkitzen da hainbat taldetan. Narrastiak dira horren adibide garbi bat, espezie batzuk iparraldean edo hegoaldean soilik aurkitzen baitira, klima atlantiarrari edo mediterraniarrari egokituak.
Beharbada, zuotako gehienoi (ez denoi), iparraldeko espezieak ezagunagoak suertatuko zaizkizue. Hori dela eta, Euskal Herriko hegoaldean aurkitzen diren eta iparraldean ikusi ezin diren narrasti batzuen argazkiak erakustea pentsatu dut.
Esan beharra daukat, badaudela salbuespen batzuk ere. Eskinko hiruhatza adibidez Bizkaiko kostan ere aurkitzen da puntualki eta dragoitxo arrunta Bizkaiko puntu zehatz batean ere aurkitu daiteke, azken hau gizakiaren ekintzen ondorioz.