Liztor Asiatikoa
Erleen etorkizuna iluntzen

Naturzalia bloga | 2012/10/20 (azken aldaketa: 2012/11/09 ) | Egilea: | Bisitak: 3039
Gako hitzak: Liztor Asiatikoa, Liztortzarra, Vespa crabro, Vespa velutina

Liztor Asiatikoa
Liztor Asiatikoaren habia (Vespa velutina)

2005. urtean Txinatik Bordelera egurra zekarren ontzi batean iritsi ziren  liztor Asiatikoak (Vespa velutina) Europara. Ordutik aurrera, zabaltzen joan ziren eta badira urte batzuk gurera iritsi zirela. Eta ez ziren ez intentzio onenekin etorri. Arrisku larrian jartzen ari dira erleen etorkizuna. 

Liztor Asiatikoa
Liztor Asiatikoaren habia (Vespa velutina)


Erleak harrapakinik errazenak dira liztor Asiatikoentzat, erlategietan erle pila bat pilatuta aurkitzen baitituzte. Asiar liztorrak beraien artean komunikatzeko gai dira eta taldean ibiltzen dira erleak hiltzen. Gainera, erlategi berarekin tematzen dira askotan. Horrez gain, beldurraren ondorioz, erle asko ez dira erlategitik irteten eta bizirauteko behar duten elikagai beste lortu ezinik gelditzen dira.

Eta zergatik duten horrelako inpaktu handia hemen eta Asian ez? Ba alde batetik, hemen ez dituztelako harrapari garrantzitsurik, eta bestetik, Asiako erleak liztorrei aurre egin eta beraien burua defendatzeko gai direlako, hemengoak ez bezala.

Udazkena izanik, orain da habiak aurkitzeko sasoia. Izan ere sasoi honetan izaten dute tamainarik handiena eta hostoak erortzen  direnez ere, errazago ikusten dira. Negua iristean erregina berriak lur azpian ezkutatzen dira eta gainontzeko guztiak hil egiten dira. Itxura denez, habi bakoitzetik 200 bat erregina berri ateratzen omen dira. Udaberrian lur azpitik atera eta habi txiki bat egiten du bizirauten duen erregina bakoitzak eta kolonia berri bat eratzen du.

Kalean bizi garenak konturatzen ez bagara ere, arazoa benetan da larria eta argi dago orain arte hartu diren neurriak ez direla nahikoak. Neurri gogorragorik hartu ezean, arazoa handiagotuz joango da eta gainera penintsula osoan zehar zabaltzen joango dira liztor Asiatikoak.

Liztor Asiatikoaz gain, ez pentsa ez dugunik bertako liztor handirik. Izan ere, tamaina bereko liztorrak ditugu gurean, kuruminoa edo liztortzarra (Vespa crabro) hain zuzen ere. Tamaina berdinekoak izan arren, nahiko erraz desberdintzen dira. Besteak beste, Asiatikoek hanka horiak dituzte eta abdomena beltza da gehienbat, lerro hori fin bat eta 4. segmentu horia izan ezik. Bestalde, hemengoek hanka beltzak dituzte eta abdomen askoz horiagoa. Azken hauek ordea ez dira inondik inora hain kaltegarriak. Noizean behin jaten dute erleren bat edo beste, baina ez dira sekula erlategi batekin tematzen.

Liztor Asiatikoaren habiaren argazkiak orain dela egun gutxi atera nituen eta dagoeneko kendu dute habia bertatik. Liztorraren gertuko argazkirik ezin izan nuen lortu, habia nahiko urrun gelditzen baitzen. Bestalde, lagun batzuen baserri inguruan (Elgoibarko Armueta Zaharren) bertako liztorren habi bat dago eta argazkiak gertutik atera ahal izateko lekuan gainera. Horrenbestez, liztor Asiatikoaren habiaren pare bat argazki erakusteaz gain bertako liztorraren argazki batzuk ere erakutsiko dizkizuet jarraian.

Amaitzeko, eskerrak Armueta Zahar baserrikoei, beraiengandik ikasi ditudalako hemen azaldutako gauza asko.

Liztor Asiatikoa
Bertako liztorraren habia (Vespa crabro)


Liztor Asiatikoa
Bertako liztorraren habia (Vespa crabro)


Liztor Asiatikoa
Bertako liztorrak (Vespa crabro)


Liztor Asiatikoa
Bertako liztorra (Vespa crabro)


Liztor Asiatikoa
Bertako liztorra (Vespa crabro)


Liztor Asiatikoa
Bertako liztorrak (Vespa crabro)


Liztor Asiatikoa
Bertako liztorra (Vespa crabro)




Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...