Arenaria erinacea

Mulutxo hau iberiar mendi mediterraneoetako endemismoa da. Lurzoru krioturbatua duten kareharrizko gandor eta muino harritsu eta haizetsuetan soilik hazten da eta Euskal Herrian, Kodes mendilerroan baino ez da azaltzen, eta bertan bi populazio isolatu bakarrik ezagutzen dira. Hori dela eta, 1998. urtetik 'Bakana' bezala sailkatuta dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrendan.

Arenaria erinacea

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Caryophyllidae
Ordena
Caryophyllales
Familia
Caryophyllaceae
Deskribatzailea
Boiss.
Estatusa
ne

Morfologia

Landare iraunkorra dugu, mulu trinkoak eratzen dituzten errizoma motzez osatutakoa. Oinarrian zurkara da eta asko adarkatzen da, gehienez 8 cm-ko zurtoinak garatzen dituelarik. Zurtoin hauek iletsuak dira, korapilatuak eta orokorrean, hostoak baino motzagoak.

Hostoak

Hostoak 2-6 x 0,7-1,2 mm-koak, eseriak dira, forma obatu-lantzeolatukoak, zorrotzak, eta mukroidunak. Bizarrak 0,2-0,5 mm neurtzen ditu. Hostoen ertzak lodituta egoten dira eta nerbio bakarra dute. Glabroak dira edo ziliatuak azpikaldean.

Loreak

Zurtoin txiki batzuk urtero luzatzen dira, hostoak banatuagoak dituzte eta horien puntan loreak ateratzen dira. Loreak burutxoetan biltzen dira, orokorrean 4-5 loreko multzoetan elkartuta, hostoen antzekoak diren bi brakteez babestuta (hauek beti loreak baino motzagoak direlarik). Loreak ere eseriak dira.

Lore pentameroak dira. Kalizak 4,5-7 mm neurtzen ditu eta iletsua edo glabroa izan daiteke. Sepaloak oblongo-lantzeolatuak dira, ziliatuak, zorrotzak eta ertz mintzakara eta zeharargitsua dute, lehorra. Petaloak, aldiz, kaliza baino handiagoak dira, 6-9,5 mm-koak, zuri garbiak eta eliptiko zabalak, eta punta osoa dute. 10 lorezilek eta obario batek osatzen dute organo sexuala. Obarioa 3 karpeloz eratuta dago, eta kapsula-itxurako fruitua ematen du, dituen 6 hortz apikalei esker irekitzen dena. Anterak 0,5-0,8 mm-koak dira, arrosak edo horiak.

Fruituak

Fruitua kapsula motakoa da, 34,5 mm-koa, oblongoa eta hortz tenteekin. 1-1,3 mm-ko haziak ematen ditu, giltzurrun formakoak, beltzak eta tuberkulutsuak.

Banaketa

Kontinentaltasunaren eragina duten iberiar mendi mediterraneoetako endemismoa da. Euskal Herrian dago espezie honen ipar-ekialdeko banaketa-muga, eskualde eurosiberiarra eta mediterraneoaren arteko trantsizio-zonan, hain zuzen. Gure lurraldean, hegoaldeko mendietan bakarrik bizi da, Kodes eta Kantabriako mendikateetan, hain zuzen ere, 900 eta 1.400 metro bitarteko altitudean.

Arenaria erinacea Arenaria erinacea

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Lurzoru krioturbatua duten kareharrizko gandor eta muino harritsu haizetsuak xumeki estaltzen dituen landarediaren zati da. Eremu horiek Gaztelako ordokietako eta iberiar sistemako kareharrizko mendietako larreen antzekoak dira.

Fenologia

Maiatzaren lehen erdialdea eta uztailaren hasiera bitartean loratzen da, eta fruituak udan heltzen dira.

Kontserbazioa

1998. urtetik dago espezie hau EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrendan, 'Bakana' bezala sailkatuta. Izan ere, bi populazio bakartu bakarrik ezagutzen dira, ale ugari dituztenak. Mendebalderantz, Obarenes mendietan (Burgosen) esaterako, ugariagoa da, baina ekialdean espezie horren banaketa-eskualdea amaitzen da. Horregatik beharrezkoa da Arabako populazioak kontserbatzea. Dirudienez, landare hori gure lurraldean kantonatuta dago klimaren eraginez, eskualde mediterraneoaren mugan baikaude. Halaber, hemengo klima ez da oso kontinentala, eta tenperatura-aldaketak ez dira oso nabarmenak. Beraz, ez da oso eremu handietan gertatzen lurzoruaren krioturbazioa, eta hori landarearen eskakizun ekologikoa da. Landarea bizi den eremuetan eskala handiko herri-lanak saihestea ezinbestekoa da. Eskala txikiko lur-higidurak (krioturbazio artifiziala) mesedegarriak izan daitezke landarea hedatzeko.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/05/08 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1690 | Argazki nagusia: César Fernández González

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...