Armeria arenaria ssp. burgalensis

Landaretxo hau Obarenes mendietan (Burgos) deskribatu zen, eta Arabako hegoaldeko mendietan (Artzena, Kantabria-Kodes eta Izki mendiak) populazio gutxi batzuk daude. Ekialderantz, Nafarroako lurretan kilometro batzuetan ageri da, eta Nafarroan du banaketaren ekialdeko muga. Hori dela eta, 'Bakana' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrendan.

Armeria arenaria ssp. burgalensis

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Caryophyllidae
Ordena
Caryophyllales
Familia
Plumbaginaceae
Deskribatzailea
(Sennen & Elías) Uribe-Ech.
Estatusa
ne

Morfologia

Belar bizikorra da. Onarri sendoa dauka, eta horren puntan hosto-erroseta bat garatzen du; hostoak plantain batzuen antzekoak dira, eta 3 eta 7 nerbio artean dituzte. Hostook lantzeolatu estuak dira, oro har, 4 mm baino zabalagoak. Luzera ez da zabalera baino 10 aldiz handiagoa izatera iristen. Aurreko urteetako hosto hilak behealdean geratzen dira, eta ohiko kolore marroi gorrixka hartzen dute. Oinaldeko errosetaren erditik hostorik gabeko zurtoin tenteak (garak) jaiotzen dira, 15 eta 60 cm arteko garaiera dute eta puntan glomerulu bakarra daukate, 20-25 (30) mm-ko diametroa duena.

Hostoak

Hostoak plantain batzuen antzekoak dira, eta 3 eta 7 nerbio artean dituzte. Hostook lantzeolatu estuak dira, oro har, 4 mm baino zabalagoak. Luzera ez da zabalera baino 10 aldiz handiagoa izatera iristen. Aurreko urteetako hosto hilak behealdean geratzen dira, eta ohiko kolore marroi gorrixka hartzen dute.

Loreak

Loreak braktea-inbolukru marroi gorrixka batez babesten dira. Inbolukruaren braktea ikusgarrienak kanpoaldekoak dira, oso luzeak baitira, glomeruluak baino luzeagoak. Braktea-inbolukruak 4,5 cm-rainoko zorroa dauka zurtoinaren inguruan, eta loreen glomeruluak baino luzeagoa da. Loreak brakteola orbelkarez babestuta daude eta inbutu-itxurako kaliza dute. Kalizaren behealdeak, saihets irtenak dituen hodi zurrunaren antza dauka; goialdea orbelkara da, eta 5 gingil triangeluar eta gutxi gorabehera luzanga ditu. Korola gorrixka da, eta oinak pixka bat lotuta dituzten 5 petalo luzanga dauzka. Lorezilak ere 5 dira, eta petalo bakoitzaren oinarekin lotuta daude, petaloekin aurrez aurre.

Fruituak

Kalizaren oin gogortuan fruitua dago, ia indehiszentea da, eta oinetik irregularki apurtzen da.

Banaketa

Iberiar penintsulako iparraldeko endemismoa da. Obarenes mendietan (Burgos) deskribatu zen, eta Arabako hegoaldeko mendietan (Artzena, Kantabria-Kodes eta Izki mendiak) populazio gutxi batzuk daude. Ekialderantz, Nafarroako lurretan kilometro batzuetan ageri da, eta Nafarroan du banaketaren ekialdeko muga. 

Armeria arenaria ssp. burgalensis Armeria arenaria ssp. burgalensis

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Muino belartsuetan eta harkaitzen erlaitzetan bizi da, kareharrietan eta dolomietan, eragin atlantiko zuzenetik urrun dauden mendietan. Populazioak txikiak eta ale-kopuru urrikoak izan ohi dira, eta elkarren artean nahiko bakartuta egoten dira.

Fenologia

Uda betean loratzen da, ekaina eta abuztua bitartean, eta fruituak udazkenaren hasieran heltzen dira.

Kontserbazioa

Espezie hau 'Bakana' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrendan. Litekeena da pixkanaka abeltzaintza uzteak eragin negatiboa izatea populazio txikietan, animaliek zapaltzera ohituta dagoen landarea baita; beraz, herbiboroen aktibitatea, basatiena zein etxe-abereena, mesedegarri zaio. Ganadua desagertuko balitz, sastrakek aurrera egingo lukete eta basoak berreskuratuko lirateke, eta hori larre-landareentzat kaltegarria izango litzateke. Agian horregatik, egun mendi-muino bakan batzuetan eta harkaitzen erlaitz belartsu batzuetan baino ez da ageri. Neurri txikiagoan, baliteke mendizaleen aldizkako bilketek ere kaltetu izatea, oso infloreszentzia ikusgarriak baititu.

Egilea: | Sorrera: 2012/06/05 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1550 | Argazki nagusia: Javier Díaz Barrera

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...