Gaztainondoa
Castanea sativa

Gaztainondoa, oso erraz bereiz daiteken zuhaitza da, zerra itxurako ertzak dituzten hostoei eta azal arantzadunaz estalita dauden fruituei erreparatuz gero. Garai batean, baserrien ekonomian garrantzia handia izan zuten gaztainek bai elikagai gisa eta baita zuhaitz kimuek saskiak egiteko ere. Hala ere, tintaren gaixotasunak XX.mendearen lehen erdialdean zuhaitz aleak izugarri bakandu zituen. Gaixotasun hau Phytophtora cambivora eta Phytophtora cinnamomi onddoek sortzen dute eta erraz bereiz daiteke enbor-azal azpiko ehunak belzten baitituzte.

Castanea sativa

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Hamamelidae
Ordena
Fagales
Familia
Fagaceae
Deskribatzailea
Miller (1768)
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaitz mardula dugu gaztainondoa, altueran 30 m-rainokoa, adaburu zabal eta biribildua duena. Azala hauskara, leuna gazteetan eta adinarekin nabarmen zartatzen doana.

Hostoak

Gaztainondoa zuhaitz hostoerorkorra da. Bere hostoak, hosto mesomorfiko tipikoak dira, dortsobentralki zapalak. Hosto txandakatu hauek antolaketa sinplea dute. Orokorrean, hosto arruntenak forma lantzeolatukoak dira 10-25 cm luze eta 5-8 cm zabal dituztelarik.

Gaztainondo hostoak erraz bereiz daitezke ertza nabarmenki zerratua azaltzen baitute, nerbiazio sekundario txikien luzapen modura. Pezioloan txertatzen den hostoaren ertza zorrotza da eta oinarri simetrikoa du, heldutan ez duelarik ertz zerratua.

Hostoak, berde kolorekoak dira baina zuhaitzaren goikaldeko hostoak nabarmenki ilunagoak dira behekaldekoak baino. Udazkenean, hostoak horitu egiten dira eta neguan erori. Pezioloaen kolorea horixka edo gorrixka da eta dimentsio aldakorrekoa da, beti ere 1,2-2,5 cm luze bitartean mantentzen delarik. 

Loreak

Gaztainondo loreak ekainaren bukaeran agertzen hasten dira, zuhaitzek dagoeneko hostoak dituztenean. Loreak hori edo berde argi kolorekoak dira estaminek daramaten polen kopuru altua dela eta. Gaztainondoaen loreak 10-20 cm luze dira eta monoikoak, hau da, sexuak lore bereiztuetan agertzen dira. Lore ar zein emeak gerba motako infloreszentziatan garatzen dira, airearen bidezko polinizaziora moldaturik daudenak (anemofiloak). Hala ere, gaztainondoaren polena astuna eta itsaskorra da, intsektuek ere polinizazioan nolabaiteko papera jokatzen dutela iradokiz.

Peziolotik hurbileneko eskualdean gerba ar estaminatuak garatzen dira; tartean, adar anualen alde apikalean, tamaina txikiagoko gerba bisexualak; eta zzkenik, gerba bisexualen oinarrian, lore emeak kokatzen dira. Lore bakoitza zuria da eta 6 lobulutan bereiztutako perigonio eta 6-15 estaminez osaturiko androezioa dute. Lore emeak bakarka agertzen dira edo 2-3ko taldeetan. Talde bakoitza leka moduko batez babesturik dago, kupula antzeko bat eratuz. Udazkenerako lore emeek 3-7 hazi gordetzen dituzten kupula arantzadunak ekoizten dituzte

Fruituak

Gaztainaren haziak akenio motakoak dira, perikarpo marroi oso konsistente batez inguraturik daudenak. Akenioek puztutako eta arantzaz beteriko ehun babesgarria dute inguruan (batzutan azala deiturikoa), modu irregularrean kokaturik dauden 2-4 balbaz irekitzen dena. Bilduki arantzatsu hau berdea da hasieran baina akenioak garatzearekin batera marroituz doa.

Akenioen perikarpoak marroiak eta koriazeoak dira. Akenioek 1-3 cm-ko luzera dute eta perikarpoa kanpokaldetik glabroa eta disdiratsua den arren, barrualdean iletxoak azaltzen ditu. Akenioak, gutxi gora behera, forma esferikokoak dira baina alde bat zapalagoa izaten dute (sabelaldea deitzen dena) eta bestea, atzealdea, ganbilagoa. Mutur apikalak luzapen txikia du, litsez eraturikoa eta mutur proximala laua da eta kolore grisekoa. Perikarpoak marrak aurkezten ditu nahiz eta batzuetan ez dauden oso markatuak.

Banaketa

Jatorriz Balkanetakoa, Asia Txikikoa edo Kaukaso aldekoa dela uste da baina zenbait erregistro fosilek bere presentzia frogatu dute beste hainbat zonaldeetan. Egun, Iberiar Penintsulan oso hedatua dago nahiz eta XX. mendearen erdialdean iparraldeko ale asko tinta gaixotasunak jota desagertu ziren.

 

Castanea sativa Castanea sativa

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Juglans regia
Intxaurrondoa
Ficus carica
Pikondoa
Crataegus monogyna
Iparraldeko elorri zuria
Betula pendula
Urki dilindaria
Corylus avellana
Hurritza
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Viburnum opulus
Gaukarra, Andorra
Cornus sanguinea
Zuhandorra


Ekologia

Gaztainondoak klima epela eta hezetasun egokia behar du ondo hazi eta gaztaina-kopuru handiak lortzeko. Oso sentikorra da udaberriaren azken parteko eta udazkenaren hasierako izozteen aurrean, eta ez ditu lurzoru karedunak gustuko. Basoetan itzal txikia jasan dezake, baina argia du gustuko.

Fenologia

Udaberrian loratzen du eta gaztainak udazkenerako garatzen dira.

Erabilerak

Gaztainondoa aspalditik lantzen den zuhaitza da bere hazi jangarriak eskuratzeko. Erromatarren garaian Europa mendebalde eta iparraldean sartu zen. Haziak, gaztainak alegia, gordinik edo erreta jaten dira. Azkenburukoak egiteko erabil daiteke: budinak, bizkotxoak, etab. Haragiz osatutako janarien osagarri gisa ere erabiltzen da. Sukaldaritzan baditu beste erabilera batzuk ere, hala nola irina egiteko, ogia egiteko, zerealen ordezko gisa, kafearen ordezko gisa edo zopak loditzeko.

Bere egurra ere nahiko preziatua da, oso iraunkorra denez balio altukoa da altzarigintzan.

Hostoak animaliak elikatzeko erabili izan dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Hostoerorkorren basoetako espezie tipikoekin agertu ohi da, euri askoko zonaldeetan. Quercion robori-pyrenaicae edo Querco-Fagetea klase fitosoziologikoan agertzen da, honako espezie hauekin bereziki: Acer pseudoplatanus, Arum maculatum, Brachypodium sylvaticum, Quercus robur, Corylus avellana, Dryopteris affinis, Dryopteris dilatata, Dryopteris filis-mas, Euphorbia amygdaloides, Euphorbia dulcis, Fagus sylvatica, Fraxinus excelsior, Hedera helix, Hyacinthoides non-scripta, Hypericum androsaemum, Melittis melissophylum, Oxalis acetosella, Poa nemoralis, Polygonatum multiflorum, Polypodium vulgare, Polystichum aculeatum, Polystichum setiferum, Prunus avium, Ranunculus tuberosus, Sambucus nigra, Sorbus aria, Stellaria holostea, Symphytum tuberosum, Taxus baccata, Ulmus glabra eta Viola reichenbachiana.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera arriskurik ez duen espeziea da.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2011/11/16 | Azken eguneraketa: 2013/12/31 | Bisita-kopurua: 2119 | Argazki nagusia: Darkone

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...