Hurritza
Corylus avellana

Batik bat Europa eta Asia ekialdean banatuta dagoen zuhaixka dugu hurritza. Hostozabalen oihanpeetako osagai garrantzitsua da eta, bertan gune heze eta itzaltsuak bilatzen ditu. Mesolitiko eta Neolitikoko fosilak aztertuz badirudi gizakiaren neguko dietaren osagarri garrantzitsu zirela hurrak. Euskal Herrian banaketa zabala du ipar isurialdean, hegaoldekoan berriz, urriagoa da eta ibai ertz eta amildegietan babesten da Ebro haranean guztiz desagertzen den arte. 

Corylus avellana

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Hamamelidae
Ordena
Fagales
Familia
Betulaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Morfologia

8-10 m-raino iristen den zuhaixka dugu hurritza, orokorrean oinetik adarkatzen dena, baina inoiz enbor argi bat azaltzen duena. Azalak, ia leuna denak, kolore arre-gorriska azaltzen du ale gazteetan; gero, urteen poderioz azala zartatuz joaten da eta kolore grisagoa hartzen du. 

Hostoak

Hostoerorkorreko zuhaixka dugu. Hostoak 5-10 cm izan ditzakete, txandakatuak, forma borobilekoak, puntatxo batekin, peziolo txiki baten gainean, nahikoa zimurtsuak eta ertz bizerradunekin. Kolore berdekoak, intentsitate handiagokoak goialdetik. Hosto gazteak iletsuak izan ohi dira bi aldeetatik; heltzean goialdean glabroak eta, azpialdetik iletsuak nerbio eta ertzetan.

Loreak

Monoikoak dira, hau da, sexuak lore bereiztutan agertzen dira. Lore hauek airearen bidezko polinizaziora moldaturik daude. Infloreszentzia arra gerba zintzilikari bat da, 3-9 cm-koa eta zilindrikoa; hostoak agertu baino lehenago garatzen dira eta polena askatzen dute. Lore ar bakoitzak ezkata trilobulatu bat du, eta hauen barruko aldean txertazen dira 8 estaminak. Infloreszentzia emeei dagokienez, ez dira hain ikusgarriak estigmek ematen dieten kolore morea izan arren. Hauek, banaka edo bosnaka, adar lateralen puntetan agertzen dira.

Fruituak

Fruitua akenio bat da eta hurra izenaz ezagutzen da, forma globoso edo oboideduna eta, kolore arrekoa. Zureko perikarpoa du eta kanela koloreko testa leuna. Azpialdetik forma hortzduneko inbolukru hostokara batek estaltzen du, eta, honek, hur gazteek bezelako kolore berde argia izan ohi du. 

Banaketa

Klima epeletako landarea da, nahiz eta bere banaketa oso zabala den mundu zaharrean. Ia Europa osoan eta Asiako mendebaldean banatuta dago. Euskal Herriko iparraldean ugaria da eta hegoalderantz urritu egiten da, trokarte laiotzetan babestuz.

Corylus avellana Corylus avellana

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Juglans nigra
Intxaurrondo beltza
Populus tremula
Lertxuna
Allium victorialis
Basabaratxuria
Juglans regia
Intxaurrondoa
Salix viminalis
Zume jatorra
Crataegus laevigata
Hegoaldeko elorri zuria
Ficus carica
Pikondoa


Ekologia

Urteko tenperaturak 12 - 16 ºC ingurukoak izan behar dute, 7ºC-tik berako tenperaturetan gehienez 700 ordu iraun ditzake urtean eta tenperatura hotzenaren muga -8ºC-koa da. Apur bat azidoak diren (5.5 eta 7.8ko pH-ak)  lurzoruak ditu gustuko, kararri-buztin-silizeoko sustratuak, alegia. Oso sentikorra da lehorteekiko, batik bat, lurzoruak hezetasunari eusten ez badio.

Fenologia

Loraketa neguan gertatzen da, urtarrila eta apirila artean. Fruitua abuztutik urrira bitartean heltzen da.

Erabilerak

Hurra, duen olio kopuruagatik, balio nutritibo altuko fruitu lehorra da. Gordinik edo txigortuta jan daiteke, eta oso erabilia da gozogintzan. Kimu gazteak, bere malgutasunari esker, oso erabiliak izan dira otar eta saskigintzan. Azala lehorgarria da eta, hosto eta adasken propietateak onak dira zirkulazio errazteko. Ez dugu ahaztu behar betidanik euskaldunok hurritz-makilak erabili izan ditugula mendian ibiltzeko.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera arriskurik ez duen espeziea da.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2009/03/12 | Azken eguneraketa: 2013/12/31 | Bisita-kopurua: 2603 | Argazki nagusia: JC Schou

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...