Lertxuna
Populus tremula

Hazkuntza oso azkarreko zuhaitza dugu lertxuna, 15-20 metroko altuera lortu ohi duelarik. Euskal Herrian nahiko zuhaitz arrunta dugu eta horren adierazle dira bere izen arruntak, eskualdetik eskualdera erabat desberdinak direnak, esate baterako, buzuntza, burtzuntxa, edo bursontza Erronkarin; Ikararbolea edo ikaratzea Zaraitzu ibarrean; Ikara Lapurdin; Orrikara Gernika, Lekeitio, Markina eta Bergaran; Zuntzuna Oiartzunen; Firi-firia Sakana eta Burundan... Izen horietako  askok, baita zientifikoak ere, haizeak hostoak mugitzean sortzen duen efektu dardaratsuari egiten dio erreferentzia.

Populus tremula

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Magnoliidae
Ordena
Malpighiales
Familia
Salicaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

15-20 metroko altuera lortzen duen zuhaitza da eta enbor fina du (metro baterainoko diametroduna). Azal zurbila du, gris-berdexka ale gazteetan, diamante formako lentizela gris ilunekin hasieran, baina gris iluna eta zartatua alerik zaharrenetan. Adakera zabala du, argia eta borobildua.

Hostoak

Hosto helduak (brakiblastoetakoak) borobilduak dira, baina luze baino zabalagoak, 3-7 x 3-8 cm-koak. Ertz horzduna dute eta peziolo lau eta oso luzea, 4-8 cm-koa. Peziolo lau hau da hain zuzen ere haize gozoa egon arren hostoetan efektu dardarkari hori sortzen duena, eta zuhaitzari izen zientifikoa ematen diona.

Hosto gazteak (makroblastoetakoak) oso desbedinak dira, bihotz forma edo triangeluarra dute eta handiagoak izaten dira, 20 cm-rainokoak. Hauen pezioloa, gainera, ez da horren laua.

Hostoen linboa kolorgabea da eta hauen oinarria moztua. Glabroak izaten dira eta bi aldeetatik berdeak.

Loreak

Lertxuna espezie dioikoa da, hau da, lore eme eta arrak ale desberdinetan daude banaturik. Lore ar zein emeak amento motako infloreszentzietan antolatzen dira, airearen bidezko polinizaziorako moldaturik daudenak. Amentoak, hostoak baino lehenago agertzen dira zintzilik eta lazinia motako ezkata glabro batzuez babesturik daude. Amentu arrak berde eta marroiak dira, 5-10 cm luzekoak eta nahiko lore estuekin (5 mm irekitzean). 6-30 estamin dituzte baina normalena 10-20 izatea da. Deigarriak dira estaminetako antera more txiki batzuk.

Aldiz, amentu emeak motzagoak dira (2-4 cm ugal-aroan) eta 10-20 lore izaten dituzte. Lore emeek diska nektarifero lobulatua dute, pedizelo laburrak, obario eseria eta konikoa, bi estigma horixka dituzte eta obulutegiaren tamainako lau lobulu estigmatiko. Lertxunak, uda hasieran loratzen dira.

Fruituak

Fruituak 3-4 balbatako kapsulak dira, itxura obalatukoak, 7-9 cm-koak eta multzoetan agertzen dira adarretatik zintzilik amento erako egituratan. Haziak txikori belarraren (Taraxacum officinale) antzeko itxura hartzen du: pelusa leun itxurako bilduki zuri batek inguratzen du, ile luzez eraturik dagoena eta haizearen bidez distantzia handiak kolonizatu ditzake. Haziak kolore arrekoak dira. Hazi ekoizpen maximoa udan ematen da.

Antzeko espezieak

Populus tremuloides

Hostoak zimurtsuagoak eta ertzeko hortzak sakonagoak.


Populus sp.

Populus espezieak elkarren artean erraz hibridatzen dira eta batzuetan zaila suerta daiteke zuhaitza zein espeziekoa den bereiztea. Esaterako, Populus x canescens makala, Populus tremula eta Populus alba-ren arteko hibridoa da zenbait autoreren arabera. Dinamarka inguruan, Populus tremula eta Populus tremuloides-en arteko hibridoak ere arruntak dira.

Banaketa

Lertxuna, jatorriz eskualde humel eta epeletakoa da, Europarra, ipar Afrikarra eta mendebaldeko Asiarra. Hegoaldean, eskualde garaietan agertzen da, esaterako Kantaurialdeko ekialdetik Pirineotako ekialdera.

Populus tremula Populus tremula

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Pinus sylvestris
Pinu gorria
Corylus avellana
Hurritza
Tilia cordata
Ezki hostotxikia
Ulmus glabra
Zumar hostozabala
Calluna vulgaris
Ainar arrunta


Ekologia

Espezie landatarra da, negu luze eta hotzak eta uda epel eta luzeak behar izaten dituena. 1.800 metrorainoko altueratan bizi daiteke, ur gazietatik urrun eta lurzoru hezeetan, buztintsu zein silizeoak. Eremu irekietan hasten da, orokorrean lur txiroetan (asko erabili izan da metal astunen fitoerremediazioan), dominantea izatera iritsi daitekeelarik. Populus generoko beste zenbait espezie bezala, sustraietako kimuetatik aurrera dispertsatzen da, zuhaitz-gurasoetatik 40 metrorainoko distantzian, kolonia klonal zabalak sortuz.

Fenologia

Lertxuna udaberrian eta uda hasieran loratzen da, eta fruituak udazken hasieran heldutzen dira.

Erabilerak

Lertxunaren egurra zuria eta arina da, homogeneoa, elastikoa eta gutxi markatutako zurgiharrekoa. Zurgizena kolore zurikoa da baina zurgiharra gris edo krema kolorekoa. Bere arintasuna dela eta elikagaiak garraiatzeko kutxak eratzeko erabili izan da.

Medikuntza alternatiboan, irakitako hostoen zukua aluzinazioen aurka erabiltzen da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Tremex fuscicornis liztorrak Populus generoko zuhaitzak parasitatzen ditu baina batez ere lertxunekiko afinitatea dute. Liztor hauek lertxunaren hostoetan arrautzak txertatzen dituzte, Cerrena unicolor onddo sinbiontearen esporekin batera. Onddo honen esporak liztor larbentzako elikagai modura balio dute baina mukus fitotoxiko bat sortzen dute, hostoen zimeltzea eraginez.

Horrez gain, lertxuna onddo espezie ugarirekin elkarrekintzan aurkitu da, esaterako, Trichothecium roseum, Cladosporium maculicola, Penicillium sp., Elsinoe veneta, Rhizopus stolonifer, Cytospora chrysosperma, Alternaria alternata, Aureobasidium pullulans, Pollaccia radiosa, Leucostoma persoonii, Arthrinium phaeospermum, Ulocladium sp., Trichoderma viride, Aspergillus sp., Melampsora populnea, Marssonina castagnei, Acremonium, Caudospora taleola, Fusarium lateritium, Diatrype stigma, Dothiora sphaeroides, Leucostoma niveum, Discosia strobilina, Camarosporium propinquum, Epicoccum nigrum, Hysterographium elongatum, Melanomma pulvis-pyrius, Nectria cinnabarina...

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera ebaluatu.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/09 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 1828 | Argazki nagusia: Willow (Wikimedia commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...