Onddoak

Amanita rubescens
Ardotsua, Galdakao lanperna

Lanperna txarraren antza handia hartzen duen espeziea da, eraztun, bolba eta Amanitagenerokoen artean arraroa den kolore arre-grisaxkarekin. Hau, ordea, jangarria da eta bere pileoko ertza ez da ildaxkatua.

Argazkia: Antton Alberdi
Amanita rubescens

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2011/12/17
Azken eguneraketa: 2012/01/26
Bisita-kopurua: 1676

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Amanitaceae
Deskribatzailea: Pers. (1797)
Sinonimoak
Agaricus rubescens
Amplariella rubescens
Limacium rubescens
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Arretaz
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

5tik 15 cm-rako diametroa izan dezake. Kutikula bana daiteke eta leun eta disdiratsua da. Ardo kolore argia du, ñabardura zuriekin. Gainazalean beloaren arrasto kotoitsuak mantentzen ditu, zuri-arrosa edo hori-argi kolorekoak, urre koloreko distirekin. Pileoaren ertza fina, kurbatua eta ez-ildaskatua da.

Estipea

Zilindrikoa, 10-15 cm bitartekoa. Oinarria zabalagoa da eta itxura klabiformea hartzen du, kolore zuri-arrosakoa - gorrixka edo ardo kolore argikoa. Oinarrian bolba oboide bat du, oro har kolore berdinekoa baina disdira handiagokoa eta maiz ar eta zizareez beterik egoten dena. Eraztun zabala du, mamitsua, zuria eta ertz oxkarratuarekin.

Orriak

Xaflak zuriak dira, elkarrengandik estuki kokaturik, askeak eta ugari; bigarren mailako xaflaxkak aurki daitezke.

Mamia

Arrosa kolorekoa bihurtzen da zatitzean; hauskorra, hezea, ez oso sendoa eta usaingabea. Zapore garratza.


Mikromorfologia

Esporak

Basidioetako bakoitzak 4 espora oboide ematen ditu, zabalak, hialinoak, leunak, apaindurarik gabekoak. Neurria, 8-11 x 6-8 μm ingurukoa da. Amiloideak. Espora-jalkina zuria osatzen dute.


Ekologia

Habitata

Europan zehar arrunta da iparraldean, baita Ipar Amerika ekialdean. Hego Afrikan ere aurkitu izan da baina Europatik inportaturiko zuhaitzekin batera ustekaberik eraman zela uste da. Oro har konifero basoetan bizi da baina baita harizti, pagadi, etabarretan.

Jateko balioa

Zapore handikoa eta jangarria da baina ondo sukaldatu beharra dago, bere konposatu toxiko hegazkorrak dela eta. Hemolisina edukin handiagoa du A. phalloides-ek baino (espezie hilgarria), baina 65 ºC tenperaturatik gora suntsitzen dira. Hori dela eta, egoki sukaldatu behar dira hauek desagertarazteko.

Antzeko espezieak
Amanita pantherina

Amanitha pantherina espeziearekin (oso toxikoa dena) azaltzen duen antzekotasun handia dela eta, oso garrantzitsua da bere identifikazioa ingestioaren aurretik. Lanperna txarretik bereizten da, Galdakaoko lanpernaren haragia arrosa kolorekoa bilakatzen delako zatitzerakoan eta gainera pileoaren ertza ez-ildaskatua delako.

Hiltzaile berdea ( Amanita phalloides )

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...