Onddoak

Tricholoma equestre
Zaldun-ziza horia

Perretxiko arrunta eta preziatua da Frantziako hego-mendebaldean. Hego Euskal Herrian aldiz ez da jaten, bertako pinudietan ez baita hain arrunta. Udazken amaieratik lehenengo izozteak iritsi arte aurki daiteke. Jangarri ona da baina kontuz ibiltzekoa, erraza baita Cortinarius splendens eta Amanita phaloides espezie hilgarriekin nahastea.

Argazkia: soweit-das-auge-reicht.blogspot.com
Tricholoma equestre

Artikuluari buruz
Egilea: Antton Alberdi
Sorrera: 2011/12/04
Azken eguneraketa: 2013/04/04
Bisita-kopurua: 1400

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Tricholomataceae
Deskribatzailea: (L.) P. Kumm (1871)
Sinonimoak
Tricholoma flavovirens
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Toxikoa
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

6-12 cm-ko diametrokoa. Hasieran ganbila da eta gero zapaldua. Kutikulak hondoa sufre-hori kolorekoa du, gainean ezkata arre-oliba edo marroixka ugarirekin.

Estipea

Zilindrikoa, luzeera eta lodiera aldakorrekoa sustratuaren arabera, zuntzezkoa, horia eta orban arreekin zipriztindua.

Orriak

Orriak zabalak dira, estipetik askeak eta horiak.

Mamia

Trinkoa, zurixka eta horiz tintatua, irin usain ahula eta zapore atsegina.


Mikromorfologia

Esporak

Leunak, hialinoak, eliptikoak eta 5,5 - 8,5 x 4 – 5,5 mikrakoak. Espora-jalkina zuria da.


Ekologia

Habitata

Udazkenaren amaieran ateratzen da silizedun lurretan; koniferoen azpian gehienetan, eta hosotozabalen azpian gutxitan.

Perretxiko-garaia

Udazken erdialdetik negu hasierara bitartean garatzen ditu perretxikoak espezie honek.

Jateko balioa

Duela urte batzuk arte jangarritzat jotzen zen arren, egun, ez jatea gomendatzen da, intoxikazioak sortzen baititu.

Antzeko espezieak
Tricholoma sulphureum

Lirainagoa da eta gas-usain higuingarria dario. Orriak ere bereiziagoak ditu, eta kutikula lehorra eta matea. Ez du sukaldaritzarako baliorik.


Tricholoma bufonium

Honek ere gas-usain nazkagarria du, eta ez du sukaldaritzarako baliorik.


Amanita phalloides

Ez da erraz bereizten. Orriak zuriagoak ditu eta mamia ez da hain trinkoa; oin zuria du, eraztun eta bolba zuriekin. 

Hiltzaile berdea ( Amanita phalloides )

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...