Euskadiko Biodibertsitate Zentroaren eta Euskalnatura-UEU Natur Zientzien elkarlanak sustaturik Busturiako Madariaga dorretxean “Hegan” argazki-erakusketa antolatu da. Erakusketa bisitatzeko parada izango dute bisitariek gaurtik hasi eta martxoaren 31 bitartean. Bertan erakusgai izango dira Antton Alberdi, Iñaki Mezquita, Jose Maria LLavori eta Ander Olaizolaren 18 argazki eta lau azalpen-panel.
“Hegan” Euskalnatura-UEU Natur Zientziak hainbat argazkilariren laguntzarekin osatutako argazki-bildumetako bat da. Izenak adierazten duenez, hegan egiteko gaitasuna garatu duten animaliak ditu ardatz erakusketak. Hala, intsektuen, hegaztien eta saguzarren argazkiez osatutako erakusketa da “Hegan”, hegaldiaren inguruko zenbait azalpen tekniko biltzen dituen azalpen-panelez horniturik dagoena.
Erakusketaren ordutegia goizeko 10etatik arratsaldeko 7etarakoa da asteartetik igandera bitartean (astelehenetan zentroa itxita izaten da, jaieguna izan ezean). Erakusketa egokia da publiko ororentzat eta sarrera debaldekoa da.