Espainiako Gobernuak prestatu berri duen Ingurugiro Balioespenaren Lege Aurreproiektuaren arabera autopistei, zentrak nuklearrei, harrobiei eta antzeko proiektuei oniritzia ematen dieten ingurugiro-txostenak behin betikoak izango dira eta ezingo zaizkie helegiteak aurkeztu.
Gobernuaren esanetan asmoa "herritarrak alferrikako prozesu batean ez sartzea" da. Halaber, lege horren arabera gobernuak proiektuak legez onartzeko aukera izango du, baita ingurugiro-txostenen babesarik ez daukanean ere. Modu honetan onartzen diren proiektuei helegiteak Konstituzio-Epaitegian baino ezingo zaizkie aurkeztu, eta horrek Gobernuz Kanpoko Erakundeei atea ixten die.
Adituen iritziz modu honetan ingurumenaren babesa kolokan dago, horrelako proiektuek kaltetzen dituzten herritarrek ez baitute helegiteak aurkezteko betarik eta, aukera izatekotan, ez baitute Konstituzio-Epaitegira jotzeko baliabide nahikorik.
Arias Cañete ministroaren esanetan lege honekin besteak beste erabakiaren zain dauden 10.000 auzibide aurrera atera nahi dituzte "1.000 milloi euro eta 80.000 lanpostu sortuko dituztelako". Proiektuek ingurumenean sortuko lituzketen balizko kalteen balioa, ordea, hori kalkulaezina izan daiteke.