Oviedoko Unibertsitateko ikertzaile batzuk haztegietako arrainei ematen zaien pentsuaren DNA aztertu dute lehen aldiz eta euren harridurarako hainbat arrain basatien arrastoak aurkitu dituzte. Honek ez die mesederik egiten arrain populazioei, are gehiago, gehiegizko arrantza sustatzen du.
Haztegiak sortzearen helburua gehiegizko arrantza baretzea da, gizakion arrain kontsumoaren gorakadak ekarritako ondorioak ikusita. Orain arte konponbide gisa onartu dugun aukera hori, arrain-haztegiena alegia, zalantzan jartzen da ikerketa honek erakutsitako emaitzen aurrean.
Ikerketa honetarako merkatuan dauden hainbat pentsu izan dituzte ikergai, eta hauen DNA aztertu dute. Metodologia honakoa izan da: zenbait dendatako pentsua hartu lagin gisa, olioa eta koipeak baztertu eta geratzen denaren DNA behatu, ezagunak diren espezie jakin batzuenarekin alderatuz, laginean zeuden espezieak zehazteko helburuarekin. Emaitzak ez du zalantzarik sortzen, itsasoetako arrain basatiak (8 espezie desberdin zehazki) erabili dira pentsu hauek egiteko, elika katean maila trofiko altuan kokatzen direnak, gainera. Oviedo Unibertsitateko ikerlariak arrain hauek zuzenean arrantza itsasontzietatik lortzen direla susmatzen dute; itsasoari lapurtzen zaizkio arrainak haztegietakoei emateko, zentzugabekeria bat azken finean.
Haztegietako arrainak elikatu beharra dago, noski, baina bazka hori beste bide batzuetatik lor daiteke, animalia basatiak erabili beharrean. Bide horietako bat giza kontsumorako erabiltzen diren arrainen irinak erabiltzea da, hauek prozesatzean irteten den hondakinetik lortutako irinak alegia. Modu honetan hondakin horiek baliatzen dira eta ez da itsasoko arrain populazioetan kalterik sortzen. Baina hau ez da bideragarria den aukera bakarra, izan ere ikertzaile hauek kalitate altuko landare proteinak erabiltzea proposatzen dute, modu honetan populazio naturalen gaineko presioa baretuz.
Ikerlan honek argi uzten du haztegietako kudeaketa berrikusi beharra dagoela.