Albisteak

Txiki handia zinen zu
Permikoaren amaierako biodibertsitatearen hondamendiaren eragilea arkeobakterio metanogeniko bat izan daiteke

2014/04/04

Iruzkinik ez
bisita

Erregistro fosilak adierazten digu duela 252 milioi urte Lurraren historian ezagutzen den biodibertsitatearen hondamendi handiena gertatu zela. Hain zuzen ere, Permikoaren amaieran Lurreko espezieen %90 desagertu zen. Egundaino pentsatu izan da espezieen desagertzen masibo horren erantzulea muturreko aktibitate bolkanikoak eragindako klima-aldaketa izan zela. Kaleratu berri den ikerketa baten arabera, ordea, metanoa ekoizten duten arkeobakterio batzuk izan litezke hondamendia eragin zuen klima-aldaketaren erantzule.


Txiki handia zinen zu
Methanosarcina animalia hausnarkarien errumenean eta gizakien heste lodian ere aurki daiteke

Proceedings of the National Academmy of Sciences aldizkarian argitaratu den lanaren arabera, aktibitate bolkanikoak erlazioa izan zuen Permikoko hondamendia eragin zuen klima-aldaketarekin baina ez zen eragile nagusia izan. Horren ordez, Methanosarcina generoko arkeobakterioak jotzen dituzte erantzule. Arkeobakterio horiek gaitasuna dute metanoa ekoizteko karbodo dioxidotik, hidrogeno gasetik edota azetatotik abiatuta eta ezagutzen diren organismo metanogeniko anaerobio bakarrak dira.

Proposatzen duten eskenatokiaren arabera, hainbat gertakizunen kateatzea izan zen Permikoaren amaierako hondamendiaren kausa. Duela 252 milioi urte inguru Siberia aldean gertatu ziren erupzio erraldoi batzuek Lurra astindu eta metanoaren gisako gasen eta konposatu organikoen kantitate handiak igorri zituzten atmosferara, metanoa tartean. Gas eta konposatu horien guztien aztarnak erregistro fosilean presente dira karbono-metaketa bezala. Baina ikerketaren egileetakoa den Gregory Fournier-ek (Massachusetts Institute of Technology, AEB) adierazi duenez, “karbono-metaketa horiek aktibitate bolkaniko hutsaren ondorio balira erregistro fosilean karbono-metaketa azkarra behatuko genuke hasiera batean, erupzio aldiari dagokiona, eta denboraren poderioz karbono-metaketa gutxitu egiten dela ikusi beharko genuke. Horren ordez, ordea, karbono-metaketa geroz eta handiagoa behatu dugu". Metaketa esponentzial horren erantzule mikroorganismoen hazkuntza izan daiteke.

Zergatik ondorioztatu dute, baina, Methanosarcina izan zela metano ekoizpen handi horren erantzule? Bada, arkeobakterio horien 50 genoma aztertuta ikerlariak gai izan dira euren historia ebolutiboan sakontzeko eta aurkitu dute Methanosarcina arkeobakterioak duela 250 milioi urte inguru beste bakterio batengandik jaso zuela materia organikotik metanoa ekoiztea baimentzen dion genea. Gene transferentzia horizontalaren bidez eskuratu zuen arkeobakterioak gaitasun hori. Bistan denez, Permikoaren amaierako hondamendiaren garaia eta arkeobakterioak metanoaren ekoizpenerako genea jaso zueneko data bat datoz. Ikerlariek proposatzen dutenez, sumendiek igorritako konposatu organikoak erabiliaz Methanosarcina arkeobakterioak hazkuntza masiboa izan zuen eta, hala, mundu mailako klimarengan eragin zuen metano sintesi erraldoia sustatu zuen.

Puzzlea osatzeko beste fitxa bat falta da oraindik ere, izan ere, arkeobakterio horiek nikela beharrezkoa dute bizirauteko eta hazkuntza erraldoi hori sustatzeko nikel iturria ere bermatua behar lukete. Hain zuzen ere, Permiko amaierako erupzio horiek dira egun ezagutzen ditugun nikel deposituen jatorria eta, hortaz, sumendiak eurak izan ziren arkeobakterioei materia organikoa eskaintzeaz gain nikela helarazi zietenak. Ikerlarien aburuz, sumendiek metanoa ekoizteko makineria piztu eta elikatu besterik ez zuten egin.

Esan bezala, atmosferara igorritako metano kantitate erraldoi horrek mundu mailan klima-aldaketa eragin zuen. Negutegi-efektuagatik tenperatura igo egin zen eta ozeanoak azidifikatu egin ziren. Horrek eragin zuen, esate baterako, oskolak zituzten ia espezie guztien desagerpena, pH azidotan oskolen kaltzifikazioa oztopatuta suertatzen baita. Klima-aldaketak gainontzeko bizidunak ere kinka larrian jarri zituen eta gutxi batzuek baino ez zuten lortu aurrera egitea.

Iturria: Science Daily

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...