Beagle itsasontziarekin Galapago uharteetan egindako geldialdian Darwin ohartu zen bertako animaliek itxura batean gizakiekiko erakusten zuten konfiantzaz eta beldurrik ezaz. Fenomeno horri azalpena emateko teoria bat ere proposatu zuen, zeinaren arabera animaliak hain axolagabeak ziren irletan ez zutelako harrapari naturalik. Darwin, beste behin, zuzen zebilela baieztatu berri du ikerketa batek.
Galapagoetan zela Darwinek hegaztiak txapelarekin harrapatzerik izan zuen, iguanen isatsak zapaldu zituen eta dortoka erraldoien gainean eseri zen. Irletako animaliek duten ageriko patxada hori hainbat ikerketatan islatua izan da jada, zeintzuetan behatu zen, esaterako, harrapari gutxi dagoen irletan animalietara gerturatzea errazagoa dela eta kanpotik harrapariak eraman diren irletan harrapakinek azkarrago ihes egiten dutela. Hala ere, ebidentzia horiek guztiak anekdotiko xamarrak izan dira orain arte, ez baitute animalia-talde handirik kontuan hartu aldi berean.
Hutsune hori osatzeko, Indiana-Purdue Unibertsitateako (AEB) ikerlari talde batek Darwinek formulatu zuen teoria frogatu nahi izan du horretarako munduan zeharreko 66 musker espezie aztertuaz. Proceeedings of the Royal Society B: Biological Sciences aldizkarian kaleratu dituzten emaitzen arabera, irletan bizi diren espezieak kontinenteetako ahaideak baino otzanagoak dira. Ikerketaren buru izan den William Cooper-ek adierazi bezala, “lehen aldia da fenomeno hau halako animalia-talde handi batengan behatzen dena. Harrapari askoren harrapakin diren muskerrengan ikusi dugu kontinenteetako espezieak irletakoak baina zuhurragoak direla”.
Cooper-en lantaldeak hainbat ikerketetako datuak bildu ditu aztertzeko muskerrek ikerlariekiko zein distantzia onartzen duten ihesari ekin aurretik. Aztertutako populazioetatik gizakiaren presentziara ohitutakoak baztertu dituzte, faktore gehigarri horrek emaitzak ez ditzan distortsionatu. Askotariko espezieak aztertu dituzte, Eurasian ohikoa den sugandila bizierrulea (Zootoca vivipara) eta Galapagoetako itsas iguana (Amblyrhynchus cristatus) esaterako.
Emaitzek argi erakutsi dute, batetik, gizakia gehiago hurbil daitekeela irletako espezieetara kontinenteetakoetara baino, eta bestetik, kontinenteetatik urrunago dauden irletan are irisgarriagoak direla musker horiek. “Irlen ekologiak eragin handia du espezie horien jokaeran eta historia ebolutiboari gailentzen zaio, pisu handiagoa hartzen du”, baieztatu dute Cooper eta bere lankideek. Izan ere, frogatu dute ebolutiboki gertuko diren espezieen artean ere desberdintasunak handiak direla kontinentean ala irletan bizitzearen arabera.
Ikerketak ez du argitu, ordea, zein den iheserako jokaera desberdin horien kausa eta Darwinek berak proposatu zuen teoria da gaur egun ere babes handiena duena. Harrapari gabeko ekosistema batean zuhurregi jokatzen duten espezieek inolako beharrik gabe biziraupenerako funtsezkoak diren baliabideak abandona ditzakete beldurraren izenean eta eboluzioak, orduan, halako jokaerak ezabatzeko joera markatuko luke.