Albisteak

Egunpasa zero azpitik 196 gradura
Izain espezie bat nitrogeno likidoan 24 ordu eman ondoren bizirauteko gai dela erakutsi da

2014/02/03

Iruzkinik ez
bisita

Nitrogeno egoera likidora oso tenperatura baxuan pasatzen da. Zero azpitik 196ºC-an mantentzen da egoera likidoan, hain zuzen ere. Bere tenperatura baxuagatik oso erabilia da industrian eta ikerketan bat-bateko izozketak eragiteko edota hainbat kriogenizazio-prozesutarako. Tenperatura baxu horiek eta bat-bateko izozketak, normalean, heriotza ekarri beharko lioke bizitza forma orori. Bada, ordea, logika horri aurre egiten dionik.


Egunpasa zero azpitik 196 gradura
Ozonobranchu jantseanus izaina Asia Ekialdeko itsasoetan bizi da

Nitrogenoa egoera likidoan mantentzen den tenperatura muturreko horietan, zelulen baitako likidoak izoztu eta hedatu egiten dira eta, hargatik, zelularen mintzak eta paretak puskatu eta zelularen lisia edo haustura eragiten da. Bada aurretik nitrogeno likidoan izoztu ondoren bizirautea lortu duen espezieen adibiderik, esaterako, zenbait tardigrado eta Drosophila euliaren larbak gai dira izozte hori gainditzeko. Baina izozte epe oso laburrak besterik ezin dituzte gainditu, minutu eskas batzuetakoak. PLos ONE aldizkarian kaleratu berri den ikerketaren arabera Ozonobranchu jantseanus izaina gai da nitrogeno likidoan egun oso bat eman ondoren bizirauteko.

Izain horrek dortoken parasito gisa osatu ohi du bere bizi-zikloa. Nitrogenotan irauteko gaitasunaz gain, Itsas Zientzien eta Teknologiaren Unibertsitateko (Tokio, Japonia) ikerlariek egindako esperimentuetan izaina -90ºC-an 32 hilabetez bizirauteko gai ere badela erakutsi dute. Ez hori bakarrik, 12 izozte/desizozte ziklo gainditzeko kapaz direla ere frogatu dute. Emaitza horiek are eta harrigarriagoak dira kontuan hartzen bada izai horren jatorrizko habitata ez dela hotza, ur epel eta tropikaletan bizi baita. Ez du, beraz, zertan garatu bere ingurune naturalean hotzaren aurkako erresistentzia-mekanismorik.

Zientzialariengan arreta berezia piztu du izainak muturreko izozte horiei aurre egiteko duen gaitasunak. Bi dira erantzunbidean jarri nahi diren galderak: zergatik da hain erresistentea hotzarekiko ingurune epeletan bizi den animalia hori? Eta garrantzitsuena, nola lortzen du halako muturreko baldintzen aurrean bizirautea?

Iturria: Popular Science

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...