Landareak saiatzen dira itzaletik ihes egin eta argirantz hazten. Hala, karbono dioxido gehiago finkatzen dute fotosintesiaren bidez eta materia organiko gehiago pila dezakete. Gaua eta egunaren arteko aldea ere bereizteko gai dira. Argiarekiko sentsibilitate hori fitokromoek kontrolatzen dute, izan ere, argi izpien irradiazioa zurgatuta konformazioa aldatzeko gaitasuna duten proteinak dira eta, horrela, argiari dagokion informazioa jasotzen du landareak. Kaleratu berri den ikerketa batek fitokromoek maila molekularrean nola funtzionatzen duten argitu du.
Fitokromoek, proteina gehienen gisan, badute egitura tridimentsionala eta egitura horren datza argiaren eraginpean duten jokamoldearen gakoa. Ikerketaren egileetakoa den Sebastian Westenhoff-ek (Goteborgeko Unibertsitatea, Suedia) adierazi bezala, “aurretiaz bagenekien argiak fitokromoengan konformazio aldaketa eragiten zuela. Ez genekiena zen, ordea, aldaketa hori nola gertatzen zen eta hori da, hain zuzen ere, aurkitu berri duguna”.
Nature aldizkarian argitaratu dutenez, landareen fitokromoak ekoizteko bakterioak erabili dituzte, proteina kantitate handiak ekoiztea baimentzen baitute. Gerora, proteina horiek laser argiarekin kitzikatu dituzte eta X izpien bidez konformazio aldaketak behatu dituzte. Egundaino zaila suertatu da aldaketa horiek behatzea, baina ikerlariek espero dute erabili duten metodoa fitokromoez haratago bestelako proteinen aldaketak aztertzeko ere egokia suertatuko dela.
“Proteinak zelulen makina eta fabrikak dira eta egitura desberdinak har ditzakete egiteko bat ala bestea betetzeko”, dio Westenhoffek. Fitokromoen egitura aldaketak ezagututa uzten emankortasuna gehitzea espero dute zientzialariek, batez ere, argi-eskuragarritasuna mugatua den eremuetan.