Albisteak

Kukuak oker jo ez diezaien
Txepetx espezie batek euren arrautzen barruan garatzen ari diren enbrioiei janari-eskerako pasahitza irakasten die, horrela habian arrautza jarri dezaketen kukuen txitarik ez elikatzeko

2012/11/15

Iruzkin 1
bisita

Kukua naturan dagoen iruzurgile ezagunenetakoa da, beste txorien habietan arrautzak errun eta txitak adopzioko gurasoek elikatu eta hazten dituzte. Kukuari txiten hazkuntzan energia aurreztea dakarkio amarru horrek eta beste txorien ugalketan ere eragiten du kuku jaioberriek beste arrautzak habiatik bota egiten baitituzte. Hala ere, Australiako txepetx urdina (Malurus cyaneus) txita iruzurtiak hazteaz nekatu egin da eta kukuak ziria sar ez diezaion estrategia bikaina garatu du.


Kukuak oker jo ez diezaien
Txepetx urdin emeak arrari ere irakasten dio kantua

Txepetx urdin emeek euren arrautzei kantu egiten diete txitek gerora janari eskerako erabili behar duten pasahitz gisakoa ikas dezaten. Nota bakar bateko kantua da, baina txitek kantua ikasi eta kantatu ezean gurasoek ez dituzte elikatu nahi izaten. Estrategia horrekin txepetx urdinek euren habietan arrautzak jar ditzaketen kukuen txitak haztea ekiditen dute. “Bagenekien txepetx urdinak gai direla kuku-txitak identifikatzeko euren janari-eskerako kantu arrotzagatik”, adierazi du ikerketaren buru den Sonia Kleindorfer-ek (Flinders Unibertsitatea, Australia), “baina ez genekiena zera zen: txepetx-txitek janari-eskerako kantua arrautzatik atera aurretik ikasten zutela. Enbrioialdian gertatzen den ikasketaren lehen ebidentzia da txorien artean”.

Ikerlariek onartu bezala txiripaz izan zuten txepetxen pasahitz horren berri. Txepetxen habien barruan grabazioak egin zituzten harrapariak uxatzeko kantuak aurkitzeko peskizan. Horretan zirela, ikerlariak konturatu ziren txepetxak jaio gabeko arrautzei kantu egiten zietela eta arrautzetatik irtetean txitek kantu hori imitatu egiten zutela janaria eskatzeko. Current Biology aldizkarian argitaratu duten lanaren arabera, habia bakoitzean kantua desberdina da: habia batean grabatutako janari-eskerako kantua beste habia batean erreproduzitzean txepetxek txitak elikatzeari uko egiten diote.Kantu honen jatorria genetika edota ikasketa den ebazteko 22 arrautza habiaz aldatu zituen Kleindorf-ek. Txitak jaio eta janari eskerako kantuan hastean ez zuten euren ama biologikoaren kantua imitatu, horren ordez euren adopzioko txepetx emearen kantu berbera egiten zuten.

Kantua arrautzak errun eta 10 egunera irakasten die txepetx emeak enbrioiei, txitek 5 egun dutelarik kantua ikasteko arrautzatik irten aurretik. Ordea, kuku-txitak goizago irteten dira arrautzatik eta ez dute denbora nahikoa izaten kantua barneratzeko. Horrela, txepetxak kukuaren iruzurraz ohartzen dira eta txita bertan uzten dute habia berri bat eraikitzera joateko. Datuen arabera, txepetxak gai dira Australiako bi kuku espezietako baten txitak %100ko ziurtasunez diskriminatzeko. Baina beste kuku-espeziea ez da hain erraz konformatzekoa, eta txepetxaren zuhurtasunari aurre egin nahian hainbat kantu desberdinekin saiatzen da horietako batekin txepetxak engainatzeko esperantzan. Bigarren kuku-espezie horren kasuan txepetxek %40ko zehaztasuna besterik ez dute txita arrotzak ezagutzerako orduan. Ez da alferrik kukua kuku!

Iturria: Nature

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Comments (1)

  • Antton Alberdi

    Antton Alberdi

    16 November 2012 at 08:43 |
    Manda güevos (esaera kastizoak bete-betean egiten du bat albistearekin...)

    Hamaika ikusteko jaiak gera!

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...