Albisteak

Lilietatik erleetara jauzi egin zuen birusarena
Landareentzat espezifikoa zela uste zen birus patogeno bat aurkitu dute erleetan

2014/01/31

Iruzkinik ez
bisita

Liztor asiarraren aurrerakadaren kariaz erle eztigileen (Apis mellifera) populazioen arazoen inguruko berriak bolo-bolo plazaratu dira azken urteotan. Liztorrena ez da, ordea, erleek jasan duten eraso bakarra. Kaleratu berri den ikerketa batek aditzera eman du erle populazio batzuetan tabako landarea erasotzen duen birusaren presentzia baieztatu dela eta erleak landare horren polenaren bidez kutsatzen direla.


Lilietatik erleetara jauzi egin zuen birusarena
Polinizazioaren momentuan jartzen dira kontaktuan erlea eta birusa

Ikerketan parte hartu duen Yan Ping Chen-ek (Nekazaritzarako Ikerketa Zerbitzua, AEB) adierazi bezala, “zoriz, errutinaz egiten ditugun analisietan aurkitu genuen tabako landarearen TRSV birusa erle-populazioetan”. Aurkikuntza horren harira, erabaki zuen ikertzea landareen patogeno horrek gaitasuna ote zuen erlearengan infekzioa eragiteko. “Lehen aldiz baieztatu dugu landareen polenarekin kontaktuan dauden erleak landare horren birusekin kutsa daitezkeela eta birus horrek euren organismoan infekzio orokortua eragiten duela”, ondorioztatu du ikerketaren buru izan den Ji Lian Li-k (Nekazaritza Zientzien Akademia, Txina).

“Jadanik jakina zen erleek TRSV birusa landareen artean transmiti zezaketela loretik lorera bidaiatzerakoan”, aipatu du Chen-ek. Izan ere, landare-birusen %5 polenaren bidez kutsatzen dira. Orain, birus horiek guztiak polenaren bidez kutsatzeaz gain polen hori daraman organismora jauzi egiteko gai direla baieztatu da.

mBio aldizkarian argitaratu duten lanaren arabera, koloniak TRSV birusarekiko erresistente ala zaurgarri gisa sailkatu dituzte eta TRSV birusa presente zen kolonietan erleen birus espezifikoen maiztasun altuagoa ere behatu da. Birus askok infektatutako populazioek gainbehera hasi zuten 2012ko udazkenean eta 2013ko otsailerako suntsituta ziren. Birus gutxiagorekin infektatutako koloniek neguari eutsi egin zioten.

TRSV birusa erleen parasito diren zenbait akarotan ere behatu da. Akaro horiengan ez du infekzio orokorra eragiten, baina erleen arteko kutsadura errazten dute. Birusa erregina infektatuak jarritako arrautzetan ere aurkitu da, birusa bertikalki erreginagandik bere ondorengoetara ere transmititzen dela baieztatuaz.

Erleetan aurkitu den TRSV birusaren gisako RNA birusak birulentoak dira oso, euren aurka ezin baita genomaren erreplikazioan DNAren kalitatea bermatzen duten mekanismorik erabili eta, ondorioz, infekzio-gaitasun desberdineko kopiak eratzen dituztelako. Gainera, erreplikazio-tasa oso altuak dituztenez RNA birus horiek nolabaiteko sasiespezie desberdinez osatutako pool genetikoa sortzen dute, ostalariarengan birulentzia desberdina eraginaz. Aniztasun genetiko horrek RNA birusei tresna gehiago eskaintzen die sistema immunearen erasoei aurre egiteko. “Horregatik, RNA birusak gaixotasun infekziosoen iturri agorrezina dira”, baieztatu dute ikerlariek.

“TRSV birusaren presentziak beste erleen birusekin batera erle populazioen beherakada eragiten du”, ikerlarien aburuz. Horren aurrean, polinizazioaren kudeaketa integral eta egokiaren beharra azpimarratu nahi izan dute.


Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...