Albisteak

Rafting erreginaren izenean
Uholde arriskuaren aurrean inurri espezie batek baltsak eratzen ditu koloniaren biziraupena bermatzeko

2014/03/10

Iruzkin 1
bisita

Animalia sozialek gaitasuna izan dezakete norbanakoaren gainetik kolektiboaren ongizatea gainjartzeko. Horien adibide ditugu, esaterako, erle langileak eta inurriak, zeintzuek jokaera suizidak ere ager ditzaketen taldearen mesedetan. Inurrien izaera sozialaren konplexutasunaren isla, behatu da uholdeen aurrean inurri espezie bat gai dela elkarri hertsiki lotuaz baltsa bat eratzeko eta hala koloniaren bideragarritasunaren giltza den erregina salbatzeko.


Rafting erreginaren izenean
Baltsak elkartuta zubiak ere era ditzakete inurriek

Ura gertu sumatzen dutenean Formica selysi  inurriak elkarri hertsiki lotzen dira eta denen artean uraren gainean flotatzeko gai den baltsa eratzen dute. Lausanako Unibertsitateako (Suitza) Michel Chapuisat ikerlariaren lantaldeak Formica selysi inurriek eratzen dituzten baltsen konposizioan, forman eta egitura sozialean sakondu du eta agerian utzi du baltsak ez direla ez zoriz eta ez presaz antolatzen. Horretarako, landatik inurriak bildu eta laborategian hazi dituzte gerora eurengan uholde baldintzak aplikatu eta esperimentuak eragiteko. Uholdearen aurrean baltsa nola eratzen duten aztertzea izan dute helburu, erregina, gazteak eta langileak nola antolatzen ziren ikustea alegia.

PLos ONE aldizkarian argitaratu duten artikuluan azaltzen da nola populazioaren arima babesteko langileek erregina baltsaren erdian kokatzen duten. Langileak eta gazteak ere era antolatuan kokatzen dira: gazteak baltsaren azpialdean jartzen dira eta langileak baltsaren ertzetan antolatzen dira. Bai kumeek eta bai langileek biziraupen-tasa altua izaten dute uholdeen ondoren, baltsaren efizientziaren seinale.

Ikerketan parte hartu duen Jessica Purcell-ek adierazi gisan, “espero genuen baltsaren azpialdean kokatutako banakoek hilkortasun-tasa handiagoa azalduko zutela eta horregatik harrigarria egin zitzaigun ikustea nola jartzen zituzten koloniako gazteenak gune horretan bertan. Hala ere, beste esperimentu batzuek erakutsi ziguten kide gazte horiek eurak direla flotagarritasun handiena dutenak eta, hala, taldearen ongizatea faboratzen dela kostu oso txikiarekin”.  

 

Iturria: Sci-News

Bideoak



Estekak

Jatorrizko publikazioa

Comments (1)

  • Antton Alberdi

    Antton Alberdi

    07 March 2014 at 07:49 |
    Ezin dela inurrien gaitasuna gutxietsi! Artistak zirela enuen dudarik, baina halakorik ez nuen espero... :)

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...