Narrastiak ezagutzera emanez
Babestu nahi baditugu, ezagutarazi egin behar ditugu

Naturzalia bloga | 2013/09/11 (azken aldaketa: 2013/09/11 ) | Egilea: | Bisitak: 1325
Gako hitzak: Narrastiak

Narrastiak ezagutzera emanez
Euskal Herriko narrasti espezieak erakusten (Argazkia: Rafa Alkorta)

Natura gustuko izateari lotuta, gehien gustatzen zaidan gauzetariko bat, naturarenganako nire ezagutza umila jendearekin konpartitzea da. Halaber, narrastien mundua bereziki gustuko dudan partetik eta animalia hauek jasaten dituzten mespretxu eta erasoen ondorioz, oso garrantzitsua iruditzen zait hauen inguruko ezagutza zabaltzea.

Honen harira, nire herriko Morkaiko mendi taldearekin batera, Euskal Herriko narrastiak ezagutzeko irteeratxo bat antolatu genuen pasa den udaberrian eta egun hartako kronika labur bat idatziko dizuet jarraian.

Narrastiak ezagutzera emanez
Aspis sugegorria hartzen (Argazkia: Asier Izagirre)


22 pertsonako herritar talde bat bildu ginen, ume, gazte, zein nagusi. Elgoibartik irtenda, 10ak alderako Otobarrenen (Araban) ginen, irteerari hasiera emateko prest. 

Ezer baino lehen, azalpen batzuk jasotzea tokatu zitzaien bertaratutakoei: irteeraren helburua, Euskal Herrian ditugun narrastien errepasotxo bat, egingo genuen ibilbidearen inguruko azalpenak, narrastiak nola aurkitu...  

Azalpen denak emanda, narrastiak bilatzeari ekin genion. Eta segituan hasi ginen suge bat! suge bat! entzuten! Aspis sugegorri bat (Vipera aspis) aurkitu zuen Andoitzek harri baten azpian. Aupa Andoitz!! Sugegorriaren inguruko azalpen batzuk eman, argazki batzuk atera eta berriz ere martxan jarri ginen, narrasti gehiagoren bila. 

Pixka bat aurrerago, inguru interesgarri bat zetorkigun. Eskinko hiruhatzarentzat (Chalcides striatus) aproposa. Abisatu nien hainbatekin egingo genuela topo, baina ondo ikusteko oso zaila edukiko genuela. Izan ere, eskinko hiruhatzak oso azkarrak dira eta nahiz eta gugandik metro eskas batera egon, belarra mugitzen besterik ez da ikusten normalean. Eta hala izan zen. Hainbat eta hainbat ikusi genituen, baita denon artean inguratu ere, baina gure muturren aurrean desagertzen ziren denak. 

Aurrerago joanda, landa zabal baten barneratu ginen. Harri mordoxka bat zegoen lurrean sakabanatuta eta hauek jasotzeari ekin genion beste narrastiren bat aurkitzeko asmotan. Handik gutxira egin genuen topo beste sorpresa handi batekin. Biren artean harri handi bat jaso eta gardatxo (Lacerta lepida) elegante bat irten zen korrika ondoko beste harri baten azpira. Harri azpitik atera eta bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen. Jendea harrituta geratu zen gardatxoarekin eta txikienak zer esanik ez!

Pixka bat ibili ostean eguzkia gehiegi berotzen hasi zen eta bazkaltzeko une aproposa zela erabaki genuen. Zerbait jan eta deskantsatu ostean, poliki-poliki beheranzko bidea hartu genuen. Kotxera iritsi, taldeko argazkia atera eta bukatutzat eman genuen irteera. 

Jendea gustura ibili zen sentsazioarekin bueltatu nintzen etxera, eta ni ere, oso pozik ibili nintzen, hurrengo batean errepikatzeko bezala, jeje.

Narrastiak ezagutzera emanez
Aspis sugegorriarekin (Argazkia: Haritz Arrieta)


Narrastiak ezagutzera emanez
Aspis sugegorria (Argazkia: Haritz Arrieta)


Narrastiak ezagutzera emanez
Denak adi-adi sugegorriari begira (Argazkia: Aimar Uribesalgo)


Narrastiak ezagutzera emanez
Haritz narrasti bila (Argazkia: Rafa Alkorta)


Narrastiak ezagutzera emanez
Txikienak ere narrasti bila (Argazkia: Asier Izagirre)


Narrastiak ezagutzera emanez
Harri gehiago jasotzen (Argazkia: Aimar Uribesalgo)


Narrastiak ezagutzera emanez
Ematen duenez, gardatxoari ez zion grazia gehiegirik egin gure presentziak... (Argazkia: Asier Izagirre)


Narrastiak ezagutzera emanez
Gardatxoa (Argazkia: Haritz Arrieta)


Narrastiak ezagutzera emanez
Gardatxoarekin eskuetan, azalpenak ematen (Argazkia: Asier Izagirre)


Narrastiak ezagutzera emanez
Suge baten muda erakusten (Argazkia: Asier Izagirre)



Comments (1)

  • Garikoitz Perurena

    Garikoitz Perurena

    13 September 2013 at 17:24 |
    Bejondeizula Ander!

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...