Aurten suge gorbatadun dexente ikusteko aukera izan dut eta horietako batzuen argazkiekin nator gaur. Agazkietan ikusten den bezala, gazteek lepoko hori-txuriska bat daukate eta hortik dator bere izena (gaztelaniaz culebra de collar). Hazten direnean ordea, desagertu egiten zaie lepoko hori eta horregatik, espezie desberdinak direla ematen du.
Ez da pozoitsua eta kuriosoak dira ihes egiteko aukerarik ez duenean defendatzeko erakusten dituen portaerak. Batzutan, burua zapaltzen du, hiruki forma hartuz, gorputza puzten du eta zarata altu bat ateratzen du, suge arriskutsuago baten irudia emanez. Beste batzutan, usain oso txarrekoa den likido bat askatzen du. Hala ere, defentsa modu kuriosoena hildakoarena egitea da. Buruz gora jartzen dira eta ahoa zabaldu eta mingaina albo batera ateratzen dute, hilda egongo balira bezala. Tanatosi izenaz ezagutzen da portaera hau. Beheko azken argazkiak ikusi eskero, erdi-hilda dagoen sugea dela pentsatuko duzue, baina gezurra badirudi ere, bizi-bizirik dago eta esan bezala, planta hutsak besterik ez dira. Hau bai aktorea!