Montpellierko sugea
Malpolon monspessulanus

Montpellierko sugea bi metro gainditzera irits daiteke eta, normalean neurri horretara iristen ez bada ere, Euskal Herriko ofidiorik handiena da. Habitat mediterraneo askotan ager daiteke, hala nola, sastrakaditan, karraskadi eta konifero basoen azken aztarnetan, landaketa-zonatan... Elikatzeko hainbat narrasti, mikrougaztunak... jaten ditu, eta hauek digeritzeko goiko barailaren atzealdean kokatutako pozoi-guruinak ditu, harrapakina irensterakoan pozoia txertatzeko erabiltzen dituenak.

Malpolon monspessulanus

Phyluma
Chordata
Klasea
Reptilia
Ordena
Squamata
Familia
Psammophiidae
Deskribatzailea
(Hermann, 1804)
Estatusa

Deskribapena

Luzera 271 - 1.990 mm artekoa izan ohi da, baina hainbat aipu daude 2 m pasatako banakoenak (Mourgue, 1.909; González de la Vega, 1988). Pisuarekin ere 6-1.340 tartea ezarri ohi da, baina badira 3.000 g-tik gorakoak (Mourgue, 1909); gaur egun arraroa da 1.000 g-tik gorakoak aurkitzea. 

Buru altua eta estua du, mutur zorrotza eta ahoaren kokapena nabarmenki azpikoa. Ertz zorrotzeko muturra du, ezkata supraokular eta ezkata preokularren goialde irtenarekin; horrek, begiak sakonune batean babestuta geratzea eragiten du. Pileoak sakonune longitudinal bat du, ezkata parietaletatik errostraleraino iristen dena. Begi handiak eta beltzak ditu, begi-ninia borbilarekin eta, iris beltza eta inguru horixkadunarekin. Gorputzaren parterik lodiena erdialdean dago; hori, bereziki, banako helduetan nabaritzen da. Isats luzea (Luzeraren %24a) eta erlatiboki argala. Ezkata dortsalek sakonune longitudinal bat dute erdialdean, eta hori ere nabariagoa da ale helduetan (Pleguezuelos, 2003).

Jaio berriek hondoko kolorazioa marroi-berdexka dute, eta buruan zirkulu beltzez inguratutako orban zuriak dituzte. Gorputzean hainbat orban beltz, gris eta zuri dituzte; azpialdea zurixka edo gris argia dute, erretikulu gris ilun edo beltz ugarirekin. Kolorazio hori egokia da inguru mediterraneotan kamuflatzeko. Adinarekin erabat aldatzen zaie kolorazioa: dortsala uniformetu egiten da, kolore marroi edo olibakara hartuz; kolore beltzeko orbana agertzen da, bizkarraldea estaltzen diona buruaren luzera baino hiru edo sei aldiz luzeagoko tartean eta, isatseraino jarraitzen duena gorputzaren alde bietan, hiru ezkata-ilara baxuenetatik. Kolorazio hori duten helduek, ihes egiten dute arriskuaren aurrean, beren kripsiarekin fidatu ordez (Pleguezuelos, 2003).

Arrak emeak baino zertxobait handiagoak dira eta erlatiboki buru handiagoa dute. Eme askok kumeen kolorazio kriptikoa mantentzen dute eta arrek berriz beti galtzen dute berau (Pleguezuelos, 2003).

Banaketa

Afrika iparralde osoan zehar banatzen da, Mendebaldeko Saharako kosta atlantikotik hasi eta Egiptoraino; Arabia mendebaldean, Israelen, Libanon, Turkian, Kaukason, Iraken, Iranen, Armenian, Georgian, Daguestanen eta Azerbaianen ere agertzen da eta Kaspio itsasora iristen da; Grezia kontinentalean, Korfuko, Zefaloniako, Zanteko, Tasoseko, Eubeako, Eskopeloseko eta Skiathoseko irlatan, eta txikiago batzutan; Bulgaria hegoaldean, Albanian, Peintsua balkanikoko alde adriatikoan, Italia ipar-ekialdean eta Lanpedusa irlan; kosta mediterraneoa jarraituta Italia ipar-mendebaldean agertzen da berriz, Frantziako mugatik hurbil; Frantzia hego-ekialdean etenik gabe agertzen da zonalde mediterraneotan eta Iberiar penintsula ia osoan banatzen da (Pleguezuelos, 2003). Bruno (1977)-ren arabera, banaketa hori azken glaziazioaren ondorioa da. Beharbada, Iberiar penintsulako zonalde mediterraneoan, banaketa homogeneoena eta zabalena duen kolubridoa da (Pleguezuelos, 1989). 

Euskal Herraian zonalde erabat mediterraneotan bakarrik agertzen da, Ebroko haranetik hurbilekoetan (Pleguezuelos, 2003).

Malpolon monspessulanus Malpolon monspessulanus

Habitata

Eskualde Mediterraneoaren barruan, hainbat biotopo desberdinetan ager daiteke. Gizakiaren presentzia baxuko zonaldetan, landare-estaldura gutxiko gunetan agertzen da, baina gizakiak asko eraldatutako gunetan, nahiz eta argiuneak aukeran izan, landaredi gehiagoko gunek hautatzen ditu (Monrós, 1997). Espezie arrunta da zerealen landaketetan, inguruan ibaiertzeko landaredia edo artadi txikiak baditu ezkutatzeko (Pleguezuelos, 2003). Zabortegien inguruan, arratoi kontzentrazio altuak aprobetxatzen ditu elikatzeko (García-Paris et al., 1989). Kolubrido lurtarra da, normalean ez ditu zuhaitzak erabiltzen, baina mehatxatuta sentitzen bada erabil ditzake (Monrós, 1997). Altitude-tarte zabalean agertzen da, ekialdeko Piriniotan 1.300 m ingururaino (Martínez-Rica, 1979), Aragoiko Piriniotan 1.600 m ingururaino (Vives-Balmaña, 1984)...

EAEn landaketetan agertzen da, eta ezkutatzeko, hauen arteko landaredi naturalaren orbanak, karraskadiak, erabiltzen ditu (Bea, 1986).


Elikadura

Ia esklusiboki ornodunetaz elikatzen bada ere, nahiko eurifagoa da. Narrastiek, bere elikaduraren portzentaia altua osatzen dute. Jaten duen narrasti-espezie barietatea oso altua da, zonalde mediterraneoan aurki daitezken ia saurio eta ofidio guztiak jan ditzake. Kanibalismoa ere ohikoa da espezie honetan. Ugaztunen artean, mikrougaztunak edo handiagoen kumeak ehizatzen ditu (Pleguezuelos, 2003). Hegaztien kumeak ehizatzen dituzte habiatik baina, hegazti helduak ere ehiza ditzakete (Monrós, 1997). Arrek, emeek baino harrapakin handiagoak ehizatzen dituzte; hori ez da harritzekoa, bien arteko tamaina desberdintasuna ikusita (Pleguezuelos, 2003).

Ehiza-estrategia desberdinak erabil ditzake, hala eskatzen baitio bere harrapakin-espektru zabalak: zelatan egonda, untxien eta muskerren moduko harrapakinak; atzetik jarraituta, kumeak...

Ugalketa eta ontogenia

Kolubrido paleartikoen artean, ugalketa-zikloa  egiten duen bakarretakoa da; estazio bero motza duen klima epeleko zonalde batean zaila baita, tamaina horretako klubrido batek, ugalketa-ziklo osoa egutegiko urte berean egitea (Pleguezuelos, 2003).

Ar handienek erlatiboki barrabil txikiagoak dituzte; parekatzea lurraldekoitasunean oinarritzen da, arren arteko borroka bidez lortzen da emea, beraz ez dago lehia espermatikorik (pleguezuelos, 2003). Ondorioz, garrantzitsuagoa da, energia gorputzaren tamainan inbertitzea, barrabilen tamainan inbertitzea baino. Iberiar penintsulan, arren arteko borrokak ekainean gertatzen dira. Parekatzerakoan, arrak ingurura begiratzen du eta beste arrak bidaltzen ditu. Kopulak hamar minutu irauten du (Rijst, 1990). Hemipene txikiek parekatzetik azkar askatzea baimentzen die, hori oso baliagarria da, inguru irekitan bizi den espezie batek ehizatua izateko arrisku handia baitu parekatzerakoan. Arrautzak, azkeneko parekamendutik 19 - 32 egunera jartzen dituzte (González de la vega, 1988), normalean uztailaren hasieran edo erdialdean (Pleguezuelos, 2003). 3 - 11 arrautza artean jartzen dituzte (Feriche, 1998). Arrautzak leku heze eta eguzkitsutan jartzen dituzte, arkaitzen, eroritako enborren, hosto lehorren eta abarren azpian (Gozález de la Vega, 1988).

Inkubazioak 60 egun irauten du (Pleguezuelos, 2003). Eklosioak eta jaioberriek arrautza erabat uzteak, 9 - 14 ordu irauten du (Millán, 1994). Heldutasun sexuala, 3 - 5 urterekin lortzen dute: arrek 3 - 4 urterekin, eta emeek urtebete beranduago (Feriche et al, 2008). 12 - 13 urtera arte, antzeko neurria izaten dute arrek eta emeek; adin hori arrek bakarrik gainditzen dute, 25 urte izatera iritsi daitezke eta horregatik dira banakorik handienak arrak (Pleguezuelos, 2003).  

Bizimodua

Eguneko jardueradun espeziea da. Hilabete beroenetan, iluntzean eta tarteka gauez ikus daiteke. Urtean zehar, martxo aldetik azaro aldera egoten da aktibo. Mudak sinkronikoa dirudi populazio batean eta, hori, feromonekin erlazionatuta egon daiteke; beti gertatzen da muda bat gorteiua hasi aurretik eta, jaio berriak jaio eta 8 - 10 egunera egiten dute. Helduen mudak, martxotik ekainera artean gertatzen dira (Pleguezuelos, 2003). Espezie heliotermikoa da, bere gorputzeko tenperatura, hurbilago dago aireko tenperaturatik sustratuarenetik baino (Blázquez, 1995).

Guadalquivir-eko paduratan eginiko ikerketatan ikusi da, 0,389 ha-ko bataz besteko azaleran ibiltzen dela; ez da desberdintasunik ikusi udaberri eta uda artean, eta ezta arren eta emeen artean ere (Blázquez, 1993). Bizi-eremuen solapamendua %100-ekoa izan daiteke (Monrós, 1997). Arrak lurraldekoiak dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Eguzkitan berotzen ari denean leku altuak hautatzen ditu, beregana iristea zailtzeko. Harrapariren bat hurbiltzekotan, kumeak eta eme batzuk, beren kripsiarekin fidatu eta geldirik egoten dira; besteak mimetismo Mulleriarra erabiltzen dute, saihets-hezurrak zabalduz eta burua hiruki forman jarriz, sugegorri itxura hartzeko (Werner, 1986). Adinarekin portaera aldatzen dute berriz, ar handienek ihes egiten baitute; beharbada, Iberiar penintsulako ofidiorik azkarrena da lurrean (Pleguezuelos, 2003). Ihesean, ez du uretara sartzeko arazorik, nahiko igerilari ona baita (Pfau, 1988). Halere, inguratuta ikusten bada, lehen aipatutako itxura hartu, burua jaso eta ez du dudarik izaten hortzaka egiterakoan (Pleguezuelos, 2003).

Espezie opistoglifoa da; Iberiar penintsulan kontatu diren 60 hozkadetatik 10ek izan dute pozoidura, batzuek besteek baino larriagoa (Pleguezuelos, 2003). Oro har, gizakiarentzat ez dela oso pozoitsua esaten da.

Bere tamaina handia eta ugaritasuna dela eta, inguru mediterraneoko harrapari askoren harrapakina da: aztorea (Accipiter gentilis), miru gorria (Milvus milvus), zapelatza (Buteo buteo), azeria (Vulpes vulpes)... (Pleguezuelos, 2003)

Kontserbazioa

Ez dago mehatxatuta. Oso termofiloa denez, azalera irekitan ibili daiteke eta errepidetara hurbiltzen da; autoen zapalketak, heriotza-faktore garrantzitsua dira. Bestalde, jende askok jazartzen du, neurri handiko banakoak bereziki, eta hori ere heriotza-faktore garrantzitsua da. Leku batzutan, beren dietan mikrougaztunak daudela dakiten nekazariek, bizirik harrapatu eta landaketetan askatzen dituzte (Pleguezuelos, 2003).

Bernako Konbenioko III eranskinean agertzen da, eta Espainiako Espezieen Liburu Gorrian, Ardura Gutxikoa kategoria du. Mundu mailan ez dago katalogatuta (Pleguezuelos, 2003). 

Bibliografia


Werner Y.L.. 1986. Evolutionary implication of occasional (non-mimetic) behavioural triangulation of the head in snakes (Coluber rhodorhachis and Malpolon monspessulanus). The Snake, 18: 37-41

Blázquez M. C.. 1995. Body temperature, activity patterns and movements by gravid and non-gravid females of Malpolon monspessulanus. Journal of Herpetology, 29(2): 264-266

Blázquez M. C.. 1993. Ecología de dos especies de colúbridos Malpolon monspessulanus y Elaphe scalaris en Doñana (Huelva). Tesis Doctoral, Universidad de Sevilla, :

Pfau J.. 1988. Beitrag zur Verbreitung der Herpetofauna in der Niederalgarve (Portugal). Salamandra, 24(4): 258-275

García-París M., Martín C., Dorda J., Esteban M.. 1989. Los Anfibios y Reptiles de Madrid.. Ministerio de Agricultura, Pesca y Alimentación. Madrid

Bea A.. 1986. Anfibios y Reptiles. Pp. 103-145. En: Vertebrados continentales de la Comunidad Autónoma del País Vasco. Viceconsejería del Medio Ambiente, Gobierno Vasco. Gasteiz

Vives-Balmaña M.V.. 1984. Els amfibis i els rèptils de Catalunya. Ketres. Barcelona

González de la Vega J. P.. 1988. Anfibios y Reptiles de la provincia de Huelva. Ertisa. Huelva

Feriche M., Pleguezuelos J. M., Santos X.. 2008. Reproductive ecology of the Montpellier snake, Malpolon monspessulanus (Colubridae), and comparison with other sympatric colubrids in the Iberian Peninsula. Copeia, 2008(2): 279-285

Millán J.. 1994. Hallazgo de un nido de puesta comunal de Malpolon monspessulanus con datos de dos puestas. Boletín de la Asociación Herpetológica Española, 5: 29-31

Pleguezuelos J. M.. 2003. Culebra bastarda – Malpolon monspessulanus. En: Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles.

Pleguezuelos J. M.. 1989. Distribución de los reptiles en la provincia de Granada (SE Península Ibérica). Doñana Acta Vertebrata, 16(1): 15-44

Bruno S.. 1977. Il colubro lacertino (Malpolon monspessulanus) nell'Italia nord-occidentale. Atti Societa Italiana di Scienze Naturale e Museo Civico di Storia Naturale Milan, 118(1): 3-16

Monrós J.S.. 1997. El dominio vital y algunos aspectos de la ecología de la culebra bastarda Malpolon monspessulanus en los naranjales. Tesis doctoral. Universidad de Valencia., :

Martínez-Rica J.P.. 1979. Los reptiles del alto Aragón. Publicaciones del Centro Pirenaico de Biología Experimental, 10: 49-102

Feriche M.. 1998. Ecología reproductora de los Colúbridos del sureste de la Península Ibérica. Tesis Doctoral, Universidad de Granada, :

Rijst H. Van der. 1990. Reperated breeding of the lizard snake (Malpolon monspessulanus). Litt. Serp., 10(1): 29-41

Morgue M.. 1909. Notes additionnelles sur les Reptiles de Vaucluse. Feuil. Jeu. Nat., 38: 215
Egilea: | Sorrera: 2012/02/23 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1783 | Argazki nagusia: Rafael Vazquez Graña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...