Apo pikarta
Pelodytes punctatus

Apo pikarta, igel-itxurako apotxo liraina da, hanka luzekoa, buru triangeluarra duena, eta mutur zorrotzekoa. Tamainaz txikia da eta nekez iristen da 5 cm-ra, normalean 3,5-4,5 cm bitartekoa izaten delarik. Bere izaera bakartia eta gautarra dela eta, anfibio hau nahiko ezezaguna da Euskal Herrian, baina Araban eta Nafarroako hegoaldean nahiko ugaria da.

Pelodytes punctatus

Phyluma
Chordata
Klasea
Amphibia
Ordena
Anura
Familia
Pelodytidae
Deskribatzailea
Daudin, 1802
Estatusa
lc

Deskribapena

Apo pikartaren zapaburuak 3-4 mm-koak dira arrautzetik ateratzean eta 65 mm-rainokoak metamorfosiaren aurretik, hau da, apo helduak baino handiagoak. Buru eta gorputz oso obalak dituzte eta isats nahiko luzea dute, gandor batez hornituta, gorputz erdialderaino luzatzen dena. Gris ilun kolorea dute, urre koloreko orbanekin. Isatsa, kolorez gorputza baino argiagoa da eta mutur borobildua du. Begiak lateralki nahiko nabarmentzen dira.

Heldua, apo txikitxoa dugu, liraina eta atze-hanka luzeekin, buru laua eta pupila bertikalak. Arrek ez dituzte inoiz 3,5 cm-ak gainditzen eta emeek 4,5 cm inguru izaten dituzte. Bizkarraldearen kolorea aldakorra da eta orokorrean orban irregularrak izaten ditu, oliba, marroi edo gris kolorekoak. Izan ere, 'punctatus' izen espezifikoak orbanduna esan nahi du. Gainera, garatxo luzez beteta izaten dute azala, maiz hileratan kokatzen direnak, laranja koloreko lerroak irudikatuz bizkarraren alde bietara. Sabelaldea zuri kolorekoa da baina pelbisaren inguruan tonalitate laranjak hartzen ditu.

Hatzak meheak eta ia askeak izaten dira, hauen artean mintz interdigitalaren hasikina baino ez duelarik. Begiak handiak eta alde dortsalean nabarmenak ditu, eta beltzez pintarratutako iris horiskan beginini bertikala izatea espeziearen ezaugarri bereizgarrietariko bat dugu. Bestalde, tinpanoa txikia du, bere diametroa begiarenaren 1/3 eta 2/3 bitartekoa izaten delarik. Begiaren atzean, eta tinpanoaren gainean, alderdi guruintsu bat ageri da, eta horrez gainera, alde dortsalean, azala luzetaraka lerrokatutako bikor eta garatxa txiki berde edo arre ilunez jantzia izaten da. Hala ere, ez dituzte guruin parotidarik.

Araldian zehar, arrek aurreko hatzetan eta bularraldean disko modukoak garatzen dituzte. Gainera, arrek emeek baino hanka sendoagoak izaten dituzte eta atzeko hankak bizkarrean zehar eta bururantz luzatuz, orpoko artikulazioa begietaraino iristen da arra bada, eta tinpanoraino emea bada.

Banaketa

Apo pikarta Europako mendebaldean bizi den anurua dugu, batik bat Belgikan, Luxenburgen, Italiako iparraldean, Frantziako estatuan eta Iberiar penintsulan detektatu delarik. Penintsulari dagokionez, Kantaurialdean izan ezik nahiko zabalduta dago.

Euskal Herrian apo pikarta eremu subkantauriarrean eta eskualde mediterraniarrean ikusi da batez ere, ugariena Araba eta Nafarroako hegoaldean delarik.

Pelodytes punctatus Pelodytes punctatus

Habitata

Ugaltzeko habitata aukeratzerakoan, apo pikartak edozein ur-masa hautatzen du: iragankorra edo iraunkorra, geldo edo azkarra, landarediduna edo landaredi gabekoa. Zapaburuak, beraz, horietan haziko dira.

Euskal Herriko inguruneetan apo helduak nekazal eremuak eta sastrakadi mediterraniarrak ditu gogokoen, baina erkameztietan eta artadietan ere ikusi izan da, beti ere errekasto eta ur-masa txikietatik gertu aurkitu ohi delarik. Iparraldeari dagokionez berriz, ez dugu datu zehatzik, baina Frantziako estatuan zabal banatuta dago, eta Pirinioetan ere isurialde bietako datuak badira, hauetariko batzuk oso leku hezeetan kokatzen direlarik. 


Elikadura

Zapaburuak batik bat alga berdeak eta detritusa jaten ditu eta maiz inurriak ere. Batzutan, apo lasterkariaren arrautzak jaten ere ikusi izan da.

Gure inguruko gainerako anfibioak bezala, apo pikarta ere ornogabe desberdinez elikatzen den harraparia dugu, eta intsektuak, moluskuak, zizareak, kukurutxak, eta abar hartzen ditu ehizakitzat.

Ugalketa eta ontogenia

Martxo edo apiril aldera ugaltzeko sasoia iristen zaio apotxo honi, eta bere joera lehortarra utziz, putzu edo errekatxoren batera hurbildu beharra izaten du. Anuruetan ohikoa denez, apo pikartaren kasuan ere arrak izaten dira uretaratzen lehenak, eta eztarri barruan duten aho-zorroaz baliatuz kantari hasten dira emeak erakarri nahian. Apo pikarten arrek soinu lasaia egiten dute ur azpian eta batzuetan emeek 'kee, kee' moduko kantu batekin erantzuten dute.

Sexu biak elkartuz gero, akoplamendua anplexu lunbarrez burutzen da, arrak emea gerriaren ingurutik heltzen du aurreko hankekin, eta ez galtzarbeen ingurutik. Hala ere, helburu horrek makina bat borroka eragin dezake ar lehiakideen artean.

Arrautzak adar bertikal edo ihien gainean jartzen ditu emeak eta kanporatzen doazen heinean ernaltzen dira. Eme bakoitzak 1.000 eta 1.500 arrautza errun ditzake, 50-100 aleko multzotan. Arrautzak gris ilun kolorekoak dira eta gainaldea bilduki gelatinatsu batean inguratuta izaten dute. Bertatik jaiotzen diren zapaburuak izugarri handitzen dira, metamorfosia burutu aurretik 65 mm-ko luzera lor dezaketelarik, animalia helduarena baino handiagoa alegia.

Bizimodua

Apo pikarta jarduera gautarreko espezie arras lehortar eta bakartia dugu, eta ondorioz nahikoa zaila da bere jardueren berri izatea. Edozelan ere, eta dakigunaren arabera, apo pikarta jauzilari bikaina eta lauzikatzaile fina da, eta liraintasun horri esker, portaera erdi zuhaiztarra du sarritan, zuhaitz-igela bailitzan sastraka eta zuhamusketan gora aritzen delarik. Egunez berriz, harripetan, edota berak indusitako zulo eta barrenbideetan ezkutatzen da. Izan ere, Pelodytes izen generikoa grekeratik dator, 'pelo'-k lokatza esan nahi du eta 'dytes'-ek urpekaria, hau da, lokatzetan hondoratzen den apoa.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ibai-karramarro amerikarrak, Procambarus clarkii, larba eta helduak predatzen ditu eta kalte handiak eragiten ari da espezie inbaditzaile hau apo pikarten populazioengan.

Kontserbazioa

Oso ugaria da Euskal Herri osoan eta itxura guztien arabera, populazioak egonkorrak dira.

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/02/16 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1697 | Argazki nagusia: Ander Izagirre Egaña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...