Gerri-txori arrunta
Certhia brachydactyla

Enborretan gora eta behera gelditu gabe eta ziztu bizian ibiltzen den hegazti txikia dugu gerri-txori arrunta. Basoez gain, hirietako eta herri handietako parkeetan ere ikus daiteke, baina bere kolorazioak ezkutuan ibiltzea bermatzen dionez, adi-adi ibili behar da bere saltotxo alaiak ikusteko.

Certhia brachydactyla

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Certhiidae
Deskribatzailea
Brehm (1829)
Estatusa
lc

Deskribapena

11-13,5 cm luzeera eta 8 g inguruko pisua duen hegazti arre txikia da gerri-txori arrunta (Herrera 1984; Carrasca 2002; Svensson et al. 2010). Buztaneko lumak bereziki gogorrak ditu (errakisa lodiagoa da), eta horiekin enborraren kontra indarra eginez, eta atzapar zorrotzak dauzkanez zuhaitzetan gora eta behera ibiltzen da (Svensson et al.  2010). Mokoa marroia (goiko zatia ilunagoa da) eta luzea da, buruaren 2/3 neurtzen du, eta beherantz okertuta dauka (Carrascal 2002; Svensson et al.  2010; SEO/BirdLife, interneten).

Alde dortsaleko lumadiak enborrarekin nahastea eta ezkutatzea baimentzen dio: arrea da, baina bizkarraldea beltzez zipriztindua dauka eta hegalen goiko aldean marra txuriak dauzka. Alde bentrala, ordea, argia da, zurixka, baina uzkiaren inguruko lumadia ilunagoa, marroiagoa dauka (basoetako gerri-txoriak hemengo lumadia argiagoa du). Begian zerrenda okular argi bat du, basoetako gerri-txoriarena baino ilunagoa eta ez zaiona kopetaraino iristen (Carrascal 2002; Svensson et al. 2010). Gazteek helduen lumadi eredu berdina daukate, baina zertxobait argiagoak dira. Dimorfismo sexual nabarmena dagoenik ez dago oso argi, baina badirudi arrek emeek baino moko eta hego handiagoak dauzkatela (Rodríguez de los Santos 1985; Cramp & Perrins 1993).

Iberiar penintsulan megarhyncha eta brachydactyla azpiespezieak daude; lehena Pirinioetan eta penintsularen iparraldean eta bigarrena penintsularen gainontzeko arean. Soilik kanpoko ezaugarriei erreparatuta bi azpiespezieok bereiztea ezinezkoa da (Carrascal 2002).

Antzeko espezieak

Basoetako gerri-txoria (Certhia familiaris)

Kanpoko ezaugarriei erreparatuta bi espezieok bereizteko oso behaketa ona behar da, hots, hegaztia geldirik eta gertu dagoenean. Horrelakoetan basoetako gerri-txoriak bekain zuriagoa eta luzeagoa, eta mokoa laburragoa duela ikusi behar da. Bestela, kantuagatik erraz bereiz daitezke bi espezieak: basoetakoak txistu goxoagoak egiten ditu. Halere, kontuz ibili, gerri-txori arrunt batzuek basoetako gerri-txorien kantua imitatzen baitute.

Kantua

Urte osoan zehar nota altuko tuiiiit moduko txistu ozen bat egiten du. Udaberrian kantu horri ti-ti-tí--teroi-ti-tít moduko beste kantu bat gehitzen dio, enborrean gora eta behera doan bitartean egiten duena.

Banaketa

Mundu osoan soilik Europan bizi den espeziea da. Urte osoan Europako hego-mendebaldean eta Mediterraneoaren inguruan bizi da: Portugaletik Poloniaraino, bai eta Argelian eta Tunezen ere (Carrascal 2003). Gurean, Euskal Herri osoan dago eta penintsula osoko dentsitate handienak hemen neurtu dira (baita Huescan eta Burgosen ere), eguzkiak asko jotzen ez duten eta prezipitazio nahikoa egiten duten inguruneak hobesten baititu (Carrascal 2003). Esan bezala, hegazti sedentarioa da, baina badirudi elurrak sahiestu nahian neguan goi-mendietatik behera egiten duela (SEO/BirdLife, interneten).

Certhia brachydactyla Certhia brachydactyla

Habitata

Gerri-txori arrunta basoetako espeziea da. Oso zuhaizti desberdinetan agertu daiteke (artelatz, arte, haritz edota pinuz osatutako basoetan batez ere), baina baso helduak nahiago ditu. Itsas mailatik 2000 metrotarainoko basoetan ikus daiteke, baina Pirinio inguruetan 1600 metrotik gora gutxiago dago bere lekua basoetako gerri-txoriak hartzen baitu (Elosegui 1985; SEO/BirdLife interneten). Ugalketa garaian mendian gora baso itxiagoetara mugitzen da (Tellería et al. 1999).

Habia enborretako zulo eta arrakaletan eraikitzen du, beti azalaren babespean eta lurretik nahiko gertu; noizbehinka gizakiak eraikitako estrukturen txokoetan ere egin izan du (Cordero 1983; Frías et al. 1999).


Elikadura

Artropodoak bakarrik jaten ditu (koleopteroak eta armiarmak batez ere) (Gil-Lletget 1927; Guitián 1985; Carrascal 2002). Hauek zuhaitzetik zuhaitzera eta enborretan zehar bilatzen ditu, saltoka gelditu gabe (100 salto inguru minutuko); dirudienez hotza egiten duenean salto hauek hegaldi motzengatik trukatzen ditu (termorregulazioan laguntzeko izan daiteke, energia gehiago gastatzean gehiago berotzen omen delako) (Carrascal & Tellería 1989). Gainera, neguan eguzkiak zipriztindutako enbor zatietan ibiltzen da batez ere (Carrascal et al. 2001).

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa-garaia martxo bukaeran hasten da eta ekainera arte irauten du, eta garai horretan 6-7 arrautzeko bi errunaldi egoten dira (Cramp & Perrins 1993; Frías et al. 1999; SEO/BirdLife, interneten). Lehenengo errunaldia apirilaren hasieran egiten du, eta bigarrena maiatza bukaeran, eta txitak arrautzak errun eta 14 egunetara jaiotzen dira (Frias et al. 1999).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Garrapoarekin (Sitta europea) oso lehia gogorra izaten du (Carrascal 1984). Bestalde, katajinetak (Genetta genetta), arrano txikiak (Aquila pennata), hontza zuriak (Tyto alba) eta hontza ertainak (Asio otus) gerri-txori arrunta ehizatzen du (Brunet-Lecomte & Delibes 1984; Alegre et al. 1989; Palomares & Delibes 1991; García-Dios 2006).

Kontserbazioa

IUCN erakundeak mundu mailan “mehatxurik gabe” sailkatzen du espezie hau hedapen zabala eta populazio handia eta beherakada garrantzitsurik gabekoa duelako (IUCN, interneten). Dena dela, bere habitataren fragmentazioak eta zuhaitz helduen galerak espezie honetan eragina dauka, depredazio arriskua handitzen eta bere sakabanatze ahalmena murrizten duelako (Carrascal 2002).

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/02/02 | Azken eguneraketa: 2013/05/31 | Bisita-kopurua: 1865 | Argazki nagusia: Gertraud Beitzinger

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...