Intxaurrondoa
Juglans regia

Juglans erromatarrek erabiltzen zuten “Jovis glans”etik dator (Jupiterren intxaurra). Regiak erreal esan nahi du. Jatorriz Europa hegoekialdekoa eta Asia mendebaldekoa da. Erromatarren garaia baino lehenagotik gure inguruotan landatua izan da, isurialde atlantiarretik hasi eta mediterranearreraino, beti ere bakarka edo talde txikietan landatuak izan diren arren. Egun mundu osoan zabaldua dago bere hazien kalitate ona dela eta.

Juglans regia

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Hamamelidae
Ordena
Fagales
Familia
Juglandaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa

Morfologia

Garaiera ertaineko zuhaitza, 30 m-ra irits daitekeena, adaburu zabala eta borobildua, eta ugariak diren adar lodiekin. Enbor lodia, azala kolore grisekoa, hasiera batean leuna dena baina adinarekin zartatuz doana. Adaskak lodiak eta korapilotsuak.

Hostoak

Hostoak galkorrak dira. Hosto konposatuak dituzte, 5 - 9 foliolo obal edo lantzeolatuekin, larrukarak, berdeak eta glabroak azpikaldean nerbioen ertzetan izan ezik.

Loreak

Lore arrak gerba erako infloreszentziatan kokatzen dira, eta hauek aurreko urteko adar batetik hazten dira. Infloreszentzia hauek lore ugari izaten dituzte, hauetariko bakoitzaren kaliza 5-6 sepaloduna da eta braktea bati lotua agertzen da, eta 10-20 estamine dituzte.  Lore emeak urtekoak diren adarren puntatan hazten dira 1-5naka, obario iletsu batekin zeinaren gainean 4 lobulu zorrotzeko kaliza dagoen eta hauen erdialdetik 2 estigma dibergente eta makurtu ateratzen direlarik. Apiril edo maiatzean loratzen du, hostoak agertzen direnean.

Fruituak

Fruitua drupa bat da, forma erdi esferikoa, 3 - 6 cm-koa eta kolore berdekoa. Hazi bakar bat dute bertan, garun forma duena eta guk jaten duguna, 4 lobulutan arraildua eta zurezko endokarpo batean babestua ageri dena. Udara amaitzean, udazken hasieran, intxaurrak heltzen dira.

Banaketa

Espezie hau oso zabalduta dagoen arren bere jatorrizko banaketa Asia Erdialdean dago.

Juglans regia Juglans regia

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ficus carica
Pikondoa
Crataegus monogyna
Iparraldeko elorri zuria
Crataegus laevigata
Hegoaldeko elorri zuria
Betula pendula
Urki dilindaria
Corylus avellana
Hurritza
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Viburnum opulus
Gaukarra, Andorra
Cornus sanguinea
Zuhandorra


Ekologia

Intxaurrondoa lurzoru kalkareo, emankor eta sakonetan hazten da. Gune babestuak baina eguzkitsuak behar ditu, eta, itsas mailatik 800 m-ra arte hazten da.

Fenologia

Apirila-maiatzean loratzen da, hostoak zanaltzen dituen aldi berean. Intxaurrak udaren azkenaldera eta udazkenean heltzen dira.

Erabilerak

Oso erabilia izan da sortzen duen itzala dela eta, parke edo errepide ertzetan esaterako. Bere egurra gogorra da, homogeneoa, oso pisutsua, lantzen erraza eta oso apaingarri polita, hori dela eta ez da harritzekoa oso preziatua izatea zurgintzan. Intxaurrak jangarriak dira, hauek ere oso preziatuak eta balio nutritibo handikoak olio kopuru handiak baitituzte. Hosto, enbor eta fruituen azalek propietate astringenteak dituzte, gainera hostoak infusio eran diabeteari aurre egiteko erabil daitezke. Fruituaren azal berdetik ezaguna den berniz bat ere erauzten da.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera inolako arriskurik ez duen espeziea da.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2011/09/02 | Azken eguneraketa: 2014/09/13 | Bisita-kopurua: 1821 | Argazki nagusia: Rasbak (Wikimedia Commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...