Artea, Karraska
Quercus rotundifolia

Iberiar Penintsularen zati handienean eta Afrika iparraldean hedatuta dago arte mota hau. Hego Euskal Herriko baso klimazikoen zuhaitz nagusia da baina oso urrituta dago laborantza dela eta. Zuhaitz formazioak laborantzarako baliorik ez duten zoru argaletara baztertuak geratu dira. Zenbaitek Quercus ilex-en subespeziea dela uste du, horregatik, hainbat liburutan Q. ilex ssp. ballota edo Q. ilex ssp. rotundifolia izenaz aurkituko duzue. 

Quercus rotundifolia

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Fagales
Familia
Fagaceae
Deskribatzailea
Lam.
Estatusa
ne

Morfologia

8 - 12 (15) m-ko zuhaitza. Adaburu zabala, dentsoa eta biribildua du, eta, baldintza gogorretan zuhaixka itxuran ere agertu ohi da. Zurtoinaren azala grisaxka eta pitzatua du. 

Hostoak

Hostoek 3 - 4 urte irauten dute zuhaitzaren gainean; hostoak orbikular eta lantzeolatu bitartekoak dira eta, gaztealdikoak, orokorrean, arantzadun-horzdunak. 5 - 8 nerbio sekundario parerekin. Berde ilunak dira gainaldean eta ilupa izarkara eta hauskaraz estaliak azpialdean. 

Loreak

Loreak sexubakarrak dira eta arbola berean agertzen dira bi sexuak. Lore arrak amentu horixketan bilduta agertzen dira eta, dentsoak eta zintzilikariak dira berauek; loreek 3 - 5 gingil zabal eta kamuts dituen periantoa dute. Lore emeak bakarka agertzen dira edo bikoteka pedizelo ilaundunen gainean; 6 gingil iletsudun periantoa dute.

Fruituak

Ezkurra bigarren urtean heltzen da eta heldutasunean gaztaina-kolore beltzaxka du; kandua zurruna eta ilupaduna du. Zapore gozoa dute.

Antzeko espezieak

Quercus ilex
Quercus ilex

Oso antzekoa da espezie hau, zenbaiten ustez subespezieak dira eta ez espezieak. Honen hostoek 7 - 14 nerbio sekundario pare dituzte eta ezkurrek zapore mikatza dute. Beharrizan ekologikoak ere desberdinak ditu. Halere, trantsizioko guneetan bien arteko hibridoak agertzen dira, bereizteko oso zailak.

Banaketa

Penintsula Iberiarraren zati handienean eta Afrika iparraldean banatzen da. Hego Euskal Herriko baso klimazikoen zuhaitz nagusia da, nahiz eta, gaur egun, laborantzarako baliorik ez duten zoru argaletara baztertuta dauden beren formazioak. Salbuespen gisa, isurialde kantauriarreko punturen batean zuhaitz honen aleak aurki daitezke, populazio txikiak osatuz.

Quercus rotundifolia Quercus rotundifolia

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Viburnum tinus
Gogortxua
Viburnum lantana
Andura, Marmaratila, Zimindurra
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Laurus nobilis
Erramua
Pinus pinea
Pinazi pinua


Ekologia

Lurzoru kalkareo nahiz silizeotara ondo moldatuta dago; putzu egindako zoruak, tuparri trinkozkoak, eskaioladunak edo gaziak ekiditen ditu. Klima mediterraneo kontinentalera ondo egokituta dago. Kontinentalitatea eta idortea ondo jasaten ditu, eta, oso tenperatura altuak jasan ditzake; hotza izan ohi da bere banaketa mugatzen duena.

Fenologia

Apiriletik maiatzera loratzen da eta urritik azarora botatzen du fruitua. Kasu honetan, taulan loratzeko garia eta fruitua heltzeko garaia soilik jarri ditugu, ezkur heldugabeak urte osoan egoten baitira zuhaitzean, bigarren urtean heldu eta erortzeko.

Erabilerak

Bere egurra oso gogorra eta ustelkaitza da eta, erabiltzen da marruskadura handia jasan behar duten piezak egiteko eta eraikuntzan zutabe eta habeak egiteko. Gainera, egur bikaina da erretzeko eta ikatza egiteko ere.

Ezkurrak txerri-aziendak bazkatzeko erabiltzen dira Extramadura eta Andaluziako dehesetan eta, gosete garaitan, giza elikadurarako ere erabili izan dira. Zuzenean jan daiteke duen zapore gozoari esker. Lehortuta tea ehotuta irina egiteko erabiltzen da eta, zenbait zerealekin nahastuta ogia egiteko. Txigortuta kafea egiteko erabiltzen dira.   

Espezieen arteko elkarrekintzak

Hainbat onddo sepezie aurki daitezke artaditan, tartean, hain preziatuak diren boilurrak, mikorrizak eratzen baitituzte artearen sustraiekin. Ondorengo espezieak aurkitu daitezke besteak beste: Tuber aestivum, Tuber melanosporum, Astraeus hygrometricus, Torredia pulchella, Craterellus cornucopioides, Ganoderma lucidum, Hydnum rufescens, Boletus aereus, Boletus satanas, Lactarius chrysorrheus, Russula cyanoxantha, Agaricus sylvicola, Amanita verna, Entoloma sinuatum, Hygrophorus russula...

Bestalde, hainbat animalia elikatzen dira berauen ezkurretaz. 

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera ia zaurgarria da espezie hau.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2011/12/14 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 2397 | Argazki nagusia: Tony Hisgett (Wikimedia commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...