Pinazi pinua
Pinus pinea

Bere izenak dioen moduan, haziengatik dugu ezaguna pinu hau. Izan ere, pinazi pinuaren haziak jangarriak dira eta jakina da duela 6000 urte baino gehiago landatu izan dela espezie hau bere hazien kontsumorako. Jatorriz Afrika iparraldekoa den arren, eskualde mediterranear osoan aurki dezakegun zuhaiza dugu pinazi pinua eta Euskal Herriko hegoaldeko zenbait eremutan ere aurki genezake.

Pinus pinea

Dibisioa
Pinophyta
Klasea
Pinopsida
Subklasea
Ordena
Pinales
Familia
Pinaceae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Morfologia

30 metrorainoko zuhaitza dugu hau, aterki formako adaketa duena. Enborra tentea eta sendoa da eta kolore arre-griseko enbor-azala du, pitzadura gorrixkekin.

Hostoak

Hostoak orratz formakoak dira eta tamainaz, 9-18 x 1,5-2 mm-koak. Nahiko zorrotzak dira eta zertxobait arkeatuak egoten dira, barnekaldea ganbila eta kanpokaldea ahurra delarik. Erretxina kanalak izaten dituzte.

Loreak

Pinazi pinuak kono motako loreak ditu. Lore arrak 10-14 x 2-4 mm-koak dira, beste pinu batzuenak baino handiagoak, eta modu zilindrikoan kokatzen dira, 3-4 x 0,7-1 cm-ko infloreszentziako osatuz. Lore emeak, aldiz, 10-15 x 8-12 cm-ko infloreszentziatan batzen dira, globo itxurakoak hauek.

Fruituak

Pinaburuak disdiratsuak dira, zertxobait asimetrikoak eta braktea lodiak dituzte. Modu piramidalean kokatzen dira eta apofisi irtenak dituzte. Pinaburuak eseriak dira eta bikoteka kokatzen dira, modu oposatuan.

Haziak 15-20 x 6-8 mm-koak dira eta hego erorkor bat dute, ez diena haizearen bidez barreiatzeko balio. Hazi handi hauek, izan ere, jangarriak dira, eta animalien bidez barreiatzen dira batik bat.

Banaketa

Pinazi pinua jatorriz ipar Afrikakoa den arren, Europa iparraldetik Asia mendebaldera zabaltzen da, eskualde mediterranear osoan zehar. Iberiar penintsulako erdialde, ekialde eta hegoaldean nahiko arrunta da baina zalantzak daude, bertako autoktonoa ote den ala ez. Euskal Herrian soilik hegoaldean hazten da eta seguraski, hemen ere sartutako espeziea izan da.

Pinus pinea Pinus pinea

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Viburnum lantana
Andura, Marmaratila, Zimindurra
Juniperus oxycedrus
Hego-ipurua
Pinus sylvestris
Pinu gorria
Cupressus sempervirens
Altzifre arrunta
Pinus halepensis
Alepo pinua
Viburnum tinus
Gogortxua


Ekologia

Baso puruak edo mistoak eratzen ditu, azken kasu honetan Pinus pinaster edo Quercus suberrekin. Lurzoru areatsuak edo buztintsuak ditu gustuko eta lautadatan edo klima epeleko mendialdeetan hazten da, itsas mailatik 1000 metrora.

Fenologia

Udaberri bukaeran edo uda hasieran loratzen da eta pinaburuak hurrengo urteko udazken hasieran garatuko ditu, bertan pinaziak egongo direlarik.

Erabilerak

Pinazi pinua azken 6000 urteetan kultibatu izan da, bere pinazi jangarrien kontsumorako. Eskualde mediterranear osoan zehar naturalizatu izan da eta askotan, eremu honetako zuhaitz modura jotzen da, nahiz eta jatorriz Afrika iparraldekoa izan. Italian gainera, pinazi pinua ornamental modura landatu da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Zuhaitz honen haziak haizearen bidezko dispertsiorako moldatuta dauden arren, handiegiak bilakatu dira eta animalien bidez barreiatzen dira. Urteetan zehar, mika urdina (Cyanopica cyanus) izan da pinazi pinu hazien barreiatzaile nagusia baina egun, gizakiak betetzen du funtzio hori.

Baina era berean, pinazi pinuaren gehiegizko landaketek gaixotasunak ekarri dizkiote espezie honi eta Leptoglossus occidentalis zimitza landare honentzako arrisku handia bilakatu da.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/11/12 | Azken eguneraketa: 2014/09/13 | Bisita-kopurua: 1708 | Argazki nagusia: Javier Martin (Wikimedia Commons)
Azken espezieak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...