Albisteak

Atmosferako mikroorganismoek eguraldiarengan eta klimarengan eragin lezakete
Troposferako goi geruzetan mikroorganismo komunitate esangarriak aurkitu dira

2013/01/31

Iruzkinik ez
bisita

Ezaguna da bizitzak Lurra ia bere osotasunean kolonizatzeko izan duen abilezia. Baldintzarik muturrenekoak biltzen dituzten inguruneetan ere, direla itsaspeko arrakala termalak, izotz geruza lodiak, ur azido eta basikoak edota sumendiak, beti dago baldintzetara moldatu eta bertan garatzen den bizitzarik. Horren adibide bereziki adierazgarria mikroorganismo extremofiloak dira, zeintzuek muturreko tenperatura, pH, gazitasuna edota presioa duten inguruneetan hazteko gaitasuna duten. Orain, ingurune antzutzat jotzen ziren troposferako goi geruzetan ere mikroorganismoak daudela ikusi da eta, are gehiago, eguraldia eta klima baldintza dezaketen faktore izan daitezke.


Atmosferako mikroorganismoek eguraldiarengan eta klimarengan eragin lezakete
Mikroorganismoek hodeien eraketa prozesuan zerikusia izan dezakete

Goi troposferako laginak NASAk altitude txiki eta baxuko aire-masak ekaitz tropikaletan nola nahasten diren aztertzeko antolatu zuen programa baten baitan bildu ziren. Hegazkin batekin Ipar Amerikako, Karibe Itsasoko eta Ozeano Atlantikoko goi troposfera lagindu zuten, hain zuzen ere, 2010 urtean Earl eta Karl ekaitz tropikalak gertatu bitartean eta ondoren. Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratu dira emaitzak.  Ikerketaren egileetako bat den Kostas Konstantinidis irakasleak (Georgiako Teknologia Institutua, AEB) adierazi bezala, “ez genuen hainbeste mikroorganismo topatuko genuenik espero. Troposferako goi geruzak bizitzarentzako ingurune zail samarra zirela uste genuen orain arte. Espezie aniztasun handi samarra aurkitu dugu gainera, nahiz eta ez atmosferako beheko geruzetan bezain beste”.

Laginketa egiteko erabili zen hegazkinak iragazki sistema bat zuen eta iragazi horietati pasatako airean partikulak harrapatzen zituen, mikroorganismoak tarteko. Iragazkiak PCR eta sekuentziazioz aztertzean bertan harrapatuta gelditutako mikroorganismoen material genetikoa aztertu ahal izan da eta goi geruzetako mikroorganismo komunitatea karakterizatu dute, bai kualitatiboki eta bai kuantitatiboki ere. Itsasoaren gaineko aire geruzetan itsasoko mikroorganismo asko topatu dira, kontinentearen gaineko geruzetan, aldiz, lehorreko mikroorganismoak dira nagusi. Urakanek mikroorganismo horien populazioen distribuzio eta dinamikan eragiten dutela ere behatu dute. Orotara, mikroorganismoek 0.25 – 1 µm-ko tamainako partikulen %20 osatzen dutela ebatzi du ikerketak. Mikroorganismo horien artean bakterioak dira ugarien eta 17 bakterio taxon desberdin identifikatu ahal izan dira, atmosferako konposatu karbonatuak metabolizatzeko gai diren batzuk tarteko.

“Mikroorganismoek hodeien eraketan eragin dezakete, izan ere, izotz-kristalak sortzeko nukleo gisa jokatzen duten partikula abiotikoak kontsumitu edo produzitu ditzakete”, baieztatu du Athanasios Nenes ikerlariak. “Gainera, hauts edota bestelako partikulen absentzian mikroorganismo horiek inguruneko hezetasuna erakarri eta izotz-kristalen eraketa areagotu dezakete, hodeien eraketan zuzenean eragingo zuketelarik”.

Nola iristen dira mikroorganismoak hain geruza altuetara? Ikerlariek iritzi dute hautsa eta gainontzeko partikulen dinamika berak eramaten dituela mikroorganismoak goi troposferara. Orain, ikerlariek zehaztu nahi dute ingurune horietara hobeki edota okerrago moldatzen diren mikroorganismorik dagoen eta atmosferaren metabolismoan edonolako funtziorik bete dezaketen.


Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...