Orkoienen biomasa errausteko planta eraikitzeko proiektuaren berri 2009an eman zen eta Nafarroako Parlamentuak 2012 urterako proiektatu zuen obraren amaiera. Eztabaida piztu zuen ekimenak bere garaian eta polemikoa izan da oso proiektuaren garapena urteotan zehar, herri-plataformak aurka izan zituen hasieratik. Orain, proiektua aurrera eramateko ardura zuen kontsortzioak azaldu dituen zalantzak tarteko, proiektua ez da aurrera eramango.
Proiektuaren sustatzailea zen Naforensaren partaideak dira Sociedad de Desarrollo de Navarra (Sodena) enpresa publikoa, kontsortzioaren %40 osatzen duena, eta besteak beste, Serrería Barberena eta Zubillaga Saralegui zerrategiak. Zalantzak piztu dira Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak kontsortzioari plantaren proiektuari buruz argitzeko eskatu zizkion puntu batzuen inguruan. Hain zuzen ere, plantaren galdararen potentziaren eta isurpen toxikoen ingurukoak ziren xehetasun horiek. Informazio hori garaiz eman ez denez bertan behera utzi du proiektua Nafarroako Gobernuak.
Sustrai Erakuntza fundazioak 2012an kaleratu zuen txostenaren arabera Orkoiengo plantarena espekulazioan oinarritutako proiektua zen eta ez zuen legedia betetzen. Izan ere, Nafarroak produzitzen duen energiaren %40 esportatu egiten du eta esportazio horien inguruan egiten den espekulazioa salatu dute hainbatean Sustrai Eraikuntzatik. Biomasaren errausketarako planta honetan urtean 100.000 tona egur ziren erretzekoak argindarra produzitzeko.