Bidasoa ibaiaren bokalean Txingudiko hezegunea dago, Urdaibaikoaren atzetik Euskal Herriko bigarren hezegunerik handiena dena. Ibaiak garraiatutako sedimentuen metaketak irla-sistema bat eratzen du bertan, balio ekologiko aski aitortua duena bai landarediaren ikuspuntutik, bai hegaztien babesleku gisa eta baita ekosistemaren izaera bereziagatik ere. Urte luzetan, ordea, ingurune horrek aktibitate antropogenikoaren inpaktu handia jasan du. Degradazio horri aurka egiteko sortu zen, besteak beste, Plaiaundiko Parke Ekologikoa, non idortuta eta oso kaltetuta zeuden zenbait hezegune berreskuratu ziren. Oraingoan, Bidasoa ibaiko irletan espezie inbaditzaileei aurka egiteko eta berezko landaredia berreskuratzeko birlandaketa-kanpaina jarri da martxan.
Txilkak (Baccharis halimifolia) Bidasoako Galera eta Santiagoaurrera irlak guztiz inbadituta ditu. Izatez Ipar Amerikakoa den espezie hori Frantziatik iritsi zen eta hainbat ingurune kolonizatu ditu, bertako espezieen nitxo ekologikoak beteaz eta paisaiaren morfologian eraginez. Bere sustrai-sistemagatik hezegunearen sedimentazio-prozesuan eragiteko gaitasuna ere badu landareak. Espezie horren hedapenari aurre egin asmoz birlandaketa kanpaina jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, bertako 14.000 zuhaitz eta zuhaixka landatuko dira irla horietan.
Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitateko zuzendari den Amaia Barredok azaldu gisan, “landaketaren lehen fasea 2013ko otsailetik martxora egingo da. Batez ere haltzak eta sahatsak landatuko dira, 7.000 ale inguru, zeintzuetatik 6.000 ale Gipuzkoako Foru Aldundiaren Harimendi Mintegiak emanak diren”. Ekosistemaren berezitasunak direla eta gazitasunera moldatutako espezieak ere landatuko dira, tamariza esaterako. Orotara dozena bat espezie landatuko dira eta landaketaren bigarren fasean, datorren neguan egingo dena, bilakaera egokiena erakusten duten espezieak sustatuko dira.
Barredoren azaldu bezala, “landaketak bi helburu ditu: batetik, landatutako espezieak Baccharis halimifolia espezie inbaditzailearekin lehian jartzea eta espezie inbaditzaile horren aurrerakada oztopatzea eta, bestetik, munen eta lezoien higadura saihestea, hala uharteetako berezko dinamikari eusteko”. Lanak hasiberriak diren honetan lehen emaitzek baikor samarrak suertatu dira, uharteen ur gaineko azalera erabat estaltzen duten zuhaixken %90 erauzi ahal izan baita.
Kanpaina hau ez da Bidasoa ibaiko bokalean egiten ari den bakarra. 2013 urtean zehar Bidasoaren bokaleko beste guneetan espezie inbaditzaileak kentzeko lanekin jarraituko da. Txinbadia proiektuaren eta IHOBE elkarte publikoaren funtsekin osatutako LIFE+Euskadiko estuarioak proiektuaren harira jarri dira martxan ekimen horiek. Hendaiako Udalarekin ere elkarrizketak martxan dira estuarioren eskuineko ertzeko landaredia inbaditzailea kentzeko eta Europako Batzordearen LIFE+ programaren finantzaketa ere badute lanek.