Albisteak

Erraustegiak eta minbizia eskutik
Frogatu da erraustegietatik gertu bizi diren populazioetan minbiziaren maiztasuna handiagoa dela

2013/01/19

Iruzkinik ez
bisita

Gurean, bereziki Gipuzkoan, bolo-bolo dabilen eztabaida da hondakinen kudeaketarena. Bi postura kontrajarri nor baino nor. Batetik, egungo bilketa-sistema mantentzea eta hondakinak erraustegi batean prozesatzea, bestetik, zaborren bilketa selektiboa. Eztabaida maila politikoan narrasturik den honetan zaila da taxuzko informazio teknikorik lortzea. Bada, ordea, horretan diharduenik. Kantzerraren epidemiologiaren eta erraustegien kokapenaren inguruan egin den ikerketa batek ondorioztatu du erraustegietatik eta hondakin arriskutsuen tratamendurako plantetatik gertu bizi direnek minbizia pairatzeko arrisku altuagoa dutela.


Erraustegiak eta minbizia eskutik
Zubietako erraustegiaren eraikuntza-lanak hasiak dira baina proiektua, momentuz, geldirik da

International Environment aldizkarian argitaratu den lanean biltzen denez, “arrisku adierazgarriak“ daude azpiegitura hauetatik gertu bizi diren populazioentzat. Hain zuzen ere, urdaileko, biriketako, pleurako, giltzurrunetako eta obarioetako minbizia pairatzeko probabilitate altuagoa dute gune hauetatik 5 km-ko distantziaren baitan bizi direnek. Arrisku hori berdin emendatzen da bai gizonezko eta bai emakumezkoentzat eta emendio hori estatistikoki adierazgarria da. “Erraustegiek kartzinogenoak diren hainbat konposatu igortzen dituzte, hala nola, dioxinak, artsenikoa, kromoa, bentzenoa, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak, kadmioa, beruna, tetrakloroetilenoa, hexaklorobentzenoa, nikela eta naftalenoa”, adierazi dute ikerketaren egile diren Carlos III Osasun Insitutuko (Espainia) adituek.

Ondorio horietara iristeko 1997-2006 urteen artean aztertu zituzten 8.098 herri eta  129 azpiegitura, tartean erraustegiak eta auto zaharren, olioen eta birziklapen-plantak. “2007 urtean soilik 525.428 tona kutsatzaile igorri zuten airera eta 4.984 tona uretara”. Ekologistak Martxan erakundeak dei egin die Ingurumen eta Osasun Ministerioei eta Autonomi Erkidegoei azpiegitura hauen egoeraren jarraipen zorrotza egitera eta hiritarrei informazioa helaraztea hondakinen kudeaketa ez dadin osasunerako mehatxu izan.


Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...