Yesa+No plataformak deituta, Zangotzako eta inguruko herrietako bizilagunak kanpaldi batean elkartu ziren pasa den asteburuan jasaten ari diren desinformazio egoera salatzeko. Era berean, Ebroren Konfederazioaren kontraesanak salatu nahi izan zituzten.
Soroak ureztatu ahal izateko urtegitik ura askatzen ari dira. Hori dela eta, Iker Aramendia plataformako kidearen arabera malda ezegonkorra uraren euskarririk gabe geratzen ari da, aske, eta egoera horretan labaintzeko arriskua handia da. Eta hori salatzeko Zangotzako muino batean, arriskurik gabeko gune bakarrean, kanpaldia antolatu zuten iragan asteburuan.
Bitartean, Ebroren Konfederazioak urtegiaren eskuin magaletik lurra kenduko dutela adierazi du, magala egonkortzeko asmoz. Hain zuzen ere, hori da bizilagunek salatzen dutena. Alegia, orain arte malda egonkorra zela esaten zen bitartean orain malda egonkortzeko lanak egin behar dituztela.